GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Herritarrek iraganekoak gogorarazi dizkiote EAJri

Mozioa onartu zuen atzo Azpeitiko Udalbatzak, baina EAko, EB-Arala- rreko eta ezker abertzaleko zinegotziek aurkeztutakoa. Erabakia udal ordezkariek, baina hitza herritarrek hartu zuten.

p004_f02_111x111.jpg


Maider EIZMENDI

Azpeitiko udal-gobernua osatzen dutenek irakaspena eman zuten atzo, pentsaera ezberdinak ordezkatzen badituzte ere, bat egin eta gutxieneko akordioak lortzeko gaitasuna agertu baitzuten.

EAJk aurkeztutako mozio «etikoa»ren eztabaida zen udalbatzaren punturik garrantzitsuena. Julian Eizmendi zinegotzi jeltzaleak irakurri zuen hainbat udaletan aurkezteko PSErekin hitzartutako testua. Ekimenak ez zuen aurrera egin EAJko zortzi zinegotziek baiezkoa eman zioten eta ezezkoa gainerako guztiek, bederatzik.

Ondoren aurkeztu zuten erantzun gisa EAko eta EB-Aralarreko zinegotziek eta modu pertsonalean sinatu duten ezker abertzaleko sei hautetsiek adostutako testua. Bertan udal demokratikoa, garde- na, abertzalea, aurrerakoia eta herritarrei irekia izan dena bultzatzen jarraitzeko konpromisoa berresten dute besteren artean. Bultzatutako zinegotzi guztiek eman zioten baiezkoa; baina EAJko ordezkariek ezetz esan zioten «desberdinen arteko akordioak bilatu behar dira herritarren interesak defendituko dituen akordioak bultzatuz» dioen testuari. Mozioak halaber, Euskal Herriak bizi duen gatazka politikoaren aurrean, prozesu demokratikoa bultzatzeko konpromisoaren alde egiten du: «Gatazka kaleetatik atera eta elkarrizketaren bitartez konpontzeko, prozesu demokratiko bat abiatu eta indarkeria guztien desagerpena ahalbidetuko duen testuinguru demokratikoa eraikitzeari beharrezko deritzogu».

EAko zinegotziak ondo azaldu zuen mozioaren funtsa: «Hobetzea badago, ez da EAren mozioa, pentsatzen dut Aralarrena ere ez dela, ezta hauena [ezker abertzaleko zinegotziei erreferentzia eginez] ere, baina gutxieneko batzuk adostea lortu dugu».

Udal-gobernuko ordezkariek erakustaldia eman bazuten, baina herritarrek ere oroimen bikaina dutela erakutsi zuten. Hitza eskaini eta hartu. Iragan legealdian legez kanpo utzitako Habea plataformako kide batek lehenik: «Mozioa aurkeztekotan zeundetela entzutean neure artean pentsatu nuen ez zenutela horrenbesteko aurpegirik izango». Gogora ekarri zien 2.027 boz lortu zituela plataformak eta ilegalizatua izan zelako zegozkion lau eserlekuak kendu zizkietela. «Dimisio eskaerarik egin zenuten orduan, Alderdi Politikoen Legeak ez ditu urratzen zuek hor aipatu dituzuen horiek guztiak? 2.027 herritarren eskubide zibil eta politikoen heriotza ekarri zuen lege horrek».

Miren Odriozola Udalbiltza auzian auzipetutako herritarrak hartu zuen ondoren hitza: «Epaiketaren atarian, zer egiteko prest zaudete? Zein konpromiso hartuko duzue eraso honen aurrean eta orokorrean Udalbiltza, Euskal Herriko lehen instituzio nazionala, berrantolatzeko?». Pre- soek eta beren familiek pairatzen duten sufrimendua ere gogora ekarri zien.

Guztiek erantzun zehatzak eskatu zizkieten EAJko kideei, baina taldearen eleduna atzokoan ideia bakarrean tematu zen behin eta berriz, apenas besterik esan gabe: «Urraketa guztiak salatuko ditugu, baina aurrena, eskubide guztien gainetik, bizitza eskubidea defendatuko dugu».

Amaieran herritar hainbatek EAJren aurkako oihuak egin zituzten, aurretik ehunka pertsonak parte hartu zuten manifestazioan egin bezala; batez ere, udal-gobernuaren aldeko sostengu hitzak izan ziren ozen entzun zirenak.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo