Shanti Kiroga eta Expe Iriarte Ezker abertzaleko militanteak
«Ley del Vascuence» vs euskararen berreskurapena
Hizkuntza politika berriak integrala izan behar du, normalizaziorako eremu gisa lurralde osoa hartuko duena: lurraldearen adiera geografikoan (Nafarroa osoa) eta sozialean (funtzio sozial guztiak)
Nafarroako Legebiltzarrean NEBak Vascuencearen Legearen aldaketa eskas batetarako emendakina aurkeztu zuen, eta harritzekoa bada ere, horren harira azken egunotan euskararen egoera baino, Txentxo Jimenez izan da hizketagai nagusia. Nafarroan euskarak bizi duen egoerak eztabaida sakona eskatzen du eta azken gertakariek eztabaida desitxuratu egiten dutela uste dugu. Horren aurrean gure hausnarketa zabaldu nahiko genuke.
PSN, NEB eta NaBai alderdiek euskararen berreskurapena ezinezko egiten duen eta herritarron hizkuntza eskubideak kasu batzuetan ukatu (zonalde ez euskalduna) eta besteetan urratzen (zonalde mistoa eta euskalduna) dituen legea zilegitu dute. Horrelako aldaketek euskararen normalizazioan aurrerapausorik ekartzen ez dutela adierazi, eta alderdi hauen jarrera salatu nahi dugu. Errotiko aldaketarik ezean, euskararen berreskurapena ez da posible izanen. Neurri honek, dudarik gabe, Galar, Aranguren, Noain eta Beriaineko haurrek duten euskaraz ikasteko eskubidea bermatuko duela argi dago, baina horrelako neurriak ez dira nahikoak ez euskararen biziraupenerako, ez bere normalizaziorako; horrelako jarrera posibilistek ez gaituzte behar eta nahi dugun normalizaziora hurbiltzen. Horrelako urratsekin 20 urte barru euskararen egoera zein izanen den galdetu beharko genioke geure buruari. Eta erantzuna benetan kezkagarria da. Euskarak egun zonalde mistoan duen egoera larriarekin jarraituko du, bere biziraupena kolokan dela. Eta poliki-poliki horrelako urratsekin aurrera goazela sinetsarazi nahi digutenek, iruzur ederra sartu nahi digute. UNESCOk argi adierazi du: hurrengo 50 urteetan munduko 3.000 hizkuntza galduko dira eta desagertzeko arriskuan dauden hizkuntza horien artean euskara aurkitzen da.
Ezagutu dugu azken 22 urteotan, PSNk Vascuencearen Legea onartu zuenetik euskararen egoeraren bilakaera zein izan den; euskara, «Lingua Navarrorum», egoera gutxituan dago eta bere etorkizuna bermatua izan gabe jarraitzen du. Urte hauetan guztietan Nafarroako Gobernuak ez du inoiz euskara berreskuratzeko politikarik gauzatu; euskararen aurkako hizkuntza politika bereziki aktiboa eta gordina izan da, eta UPNk euskara desagerrarazteko politika sistematizatu eta bizkortu egin du nabarmen. Ahalegin horretan ondoan izan ditu, askotan, PSN eta CDN alderdiak.
Hala eta guztiz ere, Nafarroan euskararekiko atxikimendu eta aldekotasun zabala sumatzen da, matrikulazioak, inkestak eta euskararen aldeko ekimenak, besteak beste, horren lekuko ditugu; baina horrek ezin digu ezkutatu, ordea, egoeraren larria, eta euskararen presentzia sozial errealaren eskasa. Ahalegin guztiak eskertzekoak dira, baita ezinbestekoak ere, baina benetako jauzi bat emateko beste bitarteko batzuk behar dira, eta, batez ere, beste hizkuntza politika bat.
Hizkuntza politika berria beharrezkoa da Nafarroan. Euskarari, nafarron berezko hizkuntzari, lehentasuna emango dion «Hizkuntza Politika Berria» (euskararen berreskurapenerako ezker abertzalearen proposamen politiko zehatza): berreskuratzailea, nazionala eta burujabea. Baita integrala ere, normalizaziorako eremu gisa lurralde osoa hartuko duena: lurraldearen adiera geografikoan (Nafarroa osoa) eta sozialean (funtzio sozial guztiak).
Horretaz gain, euskararen inguruko hizkuntza politikak euskarri juridikoa ere behar du, hizkuntza politikako erabakiei bidea emanen diena, eta, batez ere, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko dituena. Lege horrek euskara hizkuntza ofizial, nazional eta lehentasunezkoa izendatuko du, eta erakunde publikoen betebeharrak nahiz herritarren eskubideak arautuko ditu. Hizkuntza politikak, lehentasunez, honako esparruotan eragin beharko du: udalerri euskaldunen bizitasuna, hiriburuak, hezkuntza, helduen euskalduntze eta alfabetatzea, lan mundua, hedabideak, administrazioa, aisialdia, kultura, teknologia-telematika, corpusa eta hizkuntza paisaia...
Egungo egoeratik, ordea, ezinezkoa da euskarak behar duen ofizialtasuna lortzea; inposizioan eta zatiketan oinarritutako Foru Hobekuntzak euskara zokoratu eta desagertu dadin oinarriak ezartzen dituelako. Euskara Nafarroan ofiziala izan dadin, erabakitzeko eskubidean oinarritutako aldaketa politikoa beharrezkoa da eta norabide horretan jarraituko dugu lanean, herritar eleanitzez osatutako Euskal Herri euskaldunerantz.