Mailan jarraitzeko
Final antzekoa Eibarrentzat, benetakorik etor ez dadin
Bolada txarra amaitzea, eta, batez ere, maila ziurtaturik izatea nahi du Eibarrek, helburu berak baina alderantzizko ibilbidea duen aurkari baten aurrean.
EIBAR - LAS PALMAS
Amaia U. LASAGABASTER | EIBAR
Eibarren egoera larria ez bada ere, Las Palmasen aurka jokatuko duen norgehiagoka final baten antzera dator. Eta, beharbada, onena izan liteke halakotzat hartzea, azken jardunaldiak izan ez daitezen final «benetakoak».
Denboraldian lehen aldiz, ondoz ondoko hiru porrot batu ditu taldeak, eta argi ditu helburuak: bolada horri amaiera ematea; eta, matematikoki ez bada ere, «birtualki», maila ziurtatzea. Antzeko egoeran dagoen aurkaria izango dute gorri-urdinek -biek dituzte 46 puntu-, azkenaldi honetan gauzatu duen ibilbidea askoz hobea den arren, Las Palmasek ez baitu porrotik jaso azken zortzi jardunalditan.
Badirudi Eibarrek Lluis Codinaren hutsunearekin ekingo diola partidari, Javier Mandiolak hasierako deialdian sartu zuen arren. Katalanak arazoak dauzka oraindik orkatilan, asteazkenean jaso zuen kolpearen ondorioz, eta oso zaila izango da hark jokatzea. Bere entrenatzailea kezkatzen duen hutsunea da, Codinak eskaintzen duen guztiagatik -«konfiantza ematen dio taldeari, beti sortzen du arriskua...», azpimarratu zuenez-, eta aldaketak egitera behartuko du, Manixen planak batere argi ez dauden arren: Zanirak, Natxo Insak eta Yaguek aurrelariaren lekukoa hartzeko aukerak dituzte, baita Txikik ere, bere posizioa aurreratuz. Gainera, badirudi Raúl García, Altuna eta Del Olmo ere hamaikakora itzul daitezkeela.
Eibarren, bestetik, Ipuruako harmailek irudi ezin hobea eskainiko dutelakoan daude, klubak eta Eskozia La Bravak bertan giroa sortzeko bultzatu dituzten ekimenei esker.