TKE Liga
Babesle berria eta maillot berdea, 2008ko berritasunak
Caja Madrilek eta Traineru Kluben Elkarteak lehiaketa babesteko urtebeterako akordioa hitzartu dute. Bestalde, «patroi onenaren» saria sortu dute aurten
GARA | DONOSTIA
TKE Ligak aurten beteko du bosgarren urteurrena, eta badirudi diru aldetik osasuntsu dagoela. Caja Madrid banketxeak eta Traineru Kluben Elkarteak San Miguel Traineru Liga babesteko akordioa izenpetu zuten atzo.
Berau sinatzen Juan Astorga Caja Madrilgo zuzendari orokorra, Juan Villaexcusa banketxearen negozio zuzendaria, Piter Bravo TKEko presidentea eta Iñaki Mikeo, Traineru Kluben Elkarteko gerentea izan ziren. Urtebeterako akordioa sinatu zuten eta, horren arabera, 2008ko traineru lehiaketako garaikurraren izena «Caja Madrid Koroa» izango da.
Bestalde, banketxeak berak babestuta, «patroi onenaren» saria ere izango da 2008tik aurrera. Ondorioz, sari horretako sailkapeneko liderrak babeslearen izena daraman berde koloreko maillota eramango du soinean. Caja Madriden koloreak balizetan eta arraunetan ere agertuko dira.
Galiziatik Euskal Herrira
San Miguel Traineru Ligak Ozeano Atlantikoko eta Kantauri Itsasoko bazterrak bisitatuko ditu udan, Galizian hasiko du ibilbidea eta Euskal Herrian bukatuko da. Orotara 19 estropada jokatuko dira.
Lehiaketari, ordea, ez zaio itsasoan hasiera emango, ibai garrantzitsu batean baizik, Ebro ibaian hain zuzen. EXPO erakustazokaren karietara, ekainaren 29an hasiko da Traineru Liga, Zaragozan. TKE Ligako azken traineru-estropada, aldiz, Portugaleten jokatuko da, irailaren 21ean.
Horrez gain, atzo aurkeztu zen Kursaalen, «Donostiarra», Donostiako traineru bateratua. Amilibiak egina, Ur-Kirolak-eko eta Donostia-Arraun Lagunak-eko kideek gidatuko dute.