GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Sokatira

Getxoren itzulerarekin abiatuko da lur gaineko lehiaketa

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Getxoren itzulerarekin abiatuko da lur gaineko Euskal Herriko Txapelketa gaur Erandion, 18.00etan. Bizkaitarrak iaz ez bezala aurten parte hartuko dute, eta gainerako taldeak iazko berak izango dira. Gaztedi, Goiherri, Areso eta Mutriku hain zuzen.

Europako edo Munduko Txapelketetan parte hartzeko ateak zabaldu baldin badira ere, horrek ez du talde berririk erakarri, eta garbi dago sokatirak krisi larrian jarraitzen duela.

Lehen jardunaldia Erandion izango da gaur, eta 680 kilokoak neurtuko dira. Pisu bakoitzean hiru jardunalditara jokatuko dute, eta punturik gehien batzen dituenak lortuko du txapela.

Gaztedi, Getxo, Mutriku, Areso eta Goiherri arituko dira gaur nor baino nor. Iaz Goiherri jaun eta jabe izan zen txapelketa honetan, eta aurten ikusi beharko zer gertatzen den. Badirudi Gaztedi izan daitekela aurkaririk gogorrena; dena dela, Areso ere kontuan hartzeko moduko taldea da. Gaur, behintzat, Goiherri etxean arituko da, eta denboraldiko lehen garaipena erdiesten saiatuko dira.

Gainerako berrikuntza pisuari dagokiona izango da. Orain arte 640, 600 eta 560koak izaten baitziren, 680koarekin batera. 640 eta 600ekoak aurten ere izango dira, baina ez 560koak, eta bere ordez, 580koa izango da. Hori talde gehiagori aukera emateko hartutako erabakia da, baina horrek ere ez du emaitzarik eman.

Taldeen kopuruari dagokionez, iazko beretsua izango da. Bi talde aurkeztuko dituen bakarra Goiherri izango da, eta horrek argi uzten du zeinek dituen tiralari gehien. Iaz Gaztedik ere aurkeztu zituen bi talde, baina aurtengoan bakarra aurkeztuko du, nahiz eta pisu guztietan hartuko duen parte.

Aurtengoan ere Nuarbe ez da arituko. Iaz ez zuen parte hartu eta aurten ere ezin izan dute talderik osatu, eta beraz ezin izango dugu lehian ikusi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo