GARA > Idatzia > Pilota

Buruz Buruko Txapelketa

Gonzalez edo Irujo, Atanon

2004. urteko partida oraindik gogoan, lapurtarrak eta nafarrak finalerdietarako txartela bilatuko dute gaur

p045_f02_097x076.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Buruz Buruko Txapelketa final-laurdenetako azken bi partidak asteburuan jokatuko dira. Lehenengoa, gaur bertan, Sebastien Gonzalez eta Juan Martinez de Irujo aurrez aurre izango baitira Donostiako Atano III. pilotalekuan (Tele5, 18.15).

Bi pilotari hauen arteko aurrekari bakarra 2004. urtean aurkitzen dugu, Iberokoak azkaindarrari 22-13 irabazi zionean txapelketako final-zortzirenetan. Material aukeraketan, lapurtarrak gaurko partidak ez duela orduan jokatutako harekin zerikusirik nabarmendu zuen. «Pilotari gisa helduagoa naiz orain eta nire eskuin eskuarekin hobeto ibiltzen naiz. Era berean, gantxoetan, erritmoan eta kolokazioan hobetu dut», azpimarratu zuen.

Duela lau urteko norgehiagokaz aritu zen ondoren. «Zabalera bidalitako sake batzuk galdu nituen. Espero dut oraingoan halakorik ez gertatzea. Urteekin, teknikoki hobetu dut», berretsi zuen. Nabarmentzekoa da 2004. urteko partida hura Martinez de Irujok zabalera bidalitako sakeengatik gogoan geratu dela. Nafarrak 8-7 galtzen zihoan. Sakea berreskuratu zuen, eta lehen jokaldia txokotik zabalera botatzea erabaki zuen. Oso ondo atera zitzaion, partidari buelta eman baitzion, Gonzalezen zoritxarrerako.

Martinez de Irujok ez zuen baztertu jokaldi bera erabiltzea gaurko partidan. Dena dela, betiko moduan jokatzen saiatuko dela adierazi zuen. «Ikus dezagun nola doan partida. Bederatzigarren koadroraino iristen banaiz eta pilota ezker paretan jartzen badut, ez dut besterik beharko. Norgehiagoka zailtzen bada, orduan zerbaitetan pentsatu beharko dut», esan zuen.

Erritmo handiko partida izango dela aipatu zuen. «Airez asko jokatzen dugun pilotariak gara biok. Hankez eta fisikoki oso ondo egon beharko dugu garaipena lortu ahal izateko», azaldu zuen. Alde horretatik, gaurko hitzordura sasoi onean iritsiko dela azaldu zuen, baina oraindik hobeto joka dezakeela azpimarratu zuen. «Aurreko partidan uste baino erosoago sentitu nintzen, baina uste dut oraindik puntutxo bat falta zaidala», aitortu zuen.

Cipri eta Punpa

Pilotei dagokienez, Gonzalezek bi Cipri aukeratu zituen, 105,5 eta 106,2 gramokoak. Irujok bi Punpa banatu zituen, 104,2 eta 106,4 gramokoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo