Hezbolak, guda saihestuz, bataila irabazi du
Beirut Fuad Sinioraren Gobernuko kideen indarren eta Hezbolakoen arteko borroken lekuko izan zen atzo, haren parterik handiena ekintzaile xiiten eskuetan geratu baino lehen. Krisi politiko sakon eta luze baten testuinguruan, Libanoko Gobernuko kideen erabakiek -tartean Hezbolaren komunikazio sarea deuseztatzekoa-, gerra zibila pizteko zorian jarri zuten herrialdea. Gobernuak ez du Hezbolarekin negoziatu nahi, eta erakunde xiitako buruzagi Hassan Nasrallaren iritziz, haren jokaera gerra deklarazio gisa hartu behar da.
Hezbolak indar militar handia erakutsi du. Erakutsia zuen Israelen erasoari eutsi, eta haren Armadari atzera eginaraztean. Hala, Iranen etsaientzat ez da batere segurua inguru hartan Iraken aliatu indartsu hori izatea. Beraz, Libanoko Gobernuaren jokaerak AEBen eta Israelen eskaeren ondorio dirudi, Hezbula desarmatzea Iran presionatzeko modu nabarmena bailitzateke. Bada, halaber, Hezbularen atzean Iranen eskua ikusten duenik. Eta ez da zaila Libanon kanpoko interesen arteko gatazka sumatzea. Nolanahi ere, Hezbolako xiitak tentuz jokatzen ari direla dirudi, gutxienez Gobernuak baino erantzukizun handiagoa erakutsita, oraingoz gerra zibilaren aukera -Gobernuaren eta, batez ere, haren atzean dauden kanpoko interesen aukera- baztertu nahi duela ematen baitu.