Sonia González Idazlea sagarroiak@gmail.com
Genero humanoa
Ez da behar bezala ikertu zergatik pairatzen duten depresioa gizon bakoitzeko bi emakumek baino gehiagok. Faktore genetikoak, biokimikoak, ingurumenekoak eta sozialak ei daude tartean, baina ez da azalpen zehatzik ematen
Aste honetan bertan «Berria» egunkarian depresioaren eta antsietatearen inguruko albistea irakurri ahal izan dugu. Adierazgarria oso bertan zekarrena, alde batetik, 2006an gaitz hauen sintomak izan dituen Hego Euskal Herriko biztanle kopuruagatik eta, bestetik, ehuneko horietan emakume eta gizonen artean zegoen aldeagatik. Antsietatea eta depresioa jasaten duten emakumezkoak gizonezkoen bikoitza baino gehiago dira.
Datu hauek Espainiako Osasun Estatistika Erakundeak emanak dira eta, hortaz, azterketa baten ondorio ditugu. Estatistika hauek osasun zerbitzuetako datuak baldin badituzte oinarri, argi dago kasu asko ezkutuan geratuko direla. Gaitz hauek adierazle zehatzak dauzkate, arazoa agerian uzten dutenak, baina askotan isiltzen dira edo, are okerrago, norberaren bizimoduaren ondorio «naturaltzat» jotzen dira.
Oraindino ez da «normaltzat» hartzen psikologo edo psikiatrarengana joatea eta, horrez gain, pertzepzio sozialean bereziki eragiten du gaitz hauek azalarazteko moduak. Ahultasun, eromen edo histerismo zantzutzat hartzen dira eta, etiketa horien pean gaitzetsi ohi dira zenbait adierazle, hala nola, etengabe negar egitea, arrazoi barik zarata egitea, paniko krisiak izatea edo azaldu ezinezko tristura agertzea. Zalantzarik gabe emakumeen kasuan askoz gehiago gutxiesten dira jokaera hauek, gaixotasun barik, geure «izaera ezegonkorraren» seinale bailiran.
Izan ere, nerbioetako gaitzak, gaitz psikologiko eta emozionalak historian zehar betidanik egotzi zaizkigu emakumeoi. Adibide moduan, lehen aipatutako «histerismo» berba har dezakegu. Izatez, grekerazko «hystera» terminotik dator hau, «utero» esan gura duena.
Hipokratesen sasoian zera uste zuten, uteroa gorputz barruan mugitzen zen organoa zela eta hau bularrera edo burura heltzen zenean gaixotasunak sortzen zizkiela emakumeei. XX. mendera arte ez omen ziren konturatu emakumezkook ez ezik, gizonezko batzuek ere izaten zituztela gaixotasun berak -eta, jakina, uterorik izan gabe-.
Depresiora itzulita, ez dago argi edo, hobeto esanda, ez da behar bezala ikertu zergatik pairatzen duten depresioa gizon bakoitzeko bi emakumek baino gehiagok. Faktore genetikoak, biokimikoak, ingurumenekoak eta sozialak ei daude tartean, baina ez da azalpen zehatzik ematen.
Historian kontu guztiekin gertatzen den legez, unean uneko garaiak beti ematen du benetan aurreratua dela, harik eta zenbait urte igarota zein atzeraturik geunden ohartu arte. Horixe gertatzen da medikuntzarekin ere. Uteroak fumigatzen zirenean benetan sendabide aurreratua zela pentsatuko zuten...
Dena dela, aurkikuntzak aurkikuntza, sendabideak sendabide, eta depresiotik haratago, emakumeon berezko gaitzak eta emakumeontzako tratamendu bereziak, beti geratzen dira bigarren mailan. Gizonak baino luzaroago bizi gara, baina gure bizi kalitate eta osasun pertzepzioa askoz okerragoak izaten dira. Medikuntza bakarra praktikatzen da, «orokorra», baina mundu honetan gai guztiekin gertatzen den legez, «genero humanoaren» atzean ezkutatzen dena beti izaten da «genero maskulinoari» dagokiona.