Lakuak 677.000 euro banatu ditu euskarazko dokumental eta film luzeak sustatzeko
GARA | IRUÑEA
Lakuako Kultura Sailak, «estrategikotzat» jo duen ikus-entzunezko sektorea sustatze bidean, 2007ko diru-laguntzak eman dituela jakinarazi du euskarazko filmak zinema aretoetan estreinatu edo DVD formatuan banatu daitezen. Guztira, 677.900 euro banatu ditu, 12 film zinema aretoetan eta beste zortzi DVDan ikus daitezen. Halaber, Kultura Sailak ezagutarazi du film luzeen eta sortze-dokumentalen publizitate eta sustapenaren aldeko diru-laguntza ildo berrian onuradun izan diren lanen zerrenda. Orotara, 293.388 euro emango dira, zortzi ekoizpenen artean banatzeko.
2007ko deialdian, euskarazko film luzeen estreinaldi komertzialerako diru-laguntza jaso duten enpresak zazpi dira, eta guztira 524.000 euro jasoko dituzte. Kopururik handiena Barton Films-ek jaso du: 260.000 euro lau film euskaratu ditzan («Donkey Xote», «Nocturna", «Piccolo eta Saxo» eta «The Ugly Duckling and Me»).
Bestalde, Tinko Filmeak enpresari 84.000 euro egokitu zaizkio beste hiru pelikula euskaraz banatzeko: «Bonkers (Kneter)», «Lepel» eta «The Robber Hotzenplotz». Horrez gain, Luk Internationalek 60.000 euro jasoko ditu «Doraemon eta dinosauro txikia»filmarentzat; Wanda Visión-ek, 40.000 euro «Franklin eta lakuko altxorra»rentzat; Dionet Alta Definición Digital-ek, beste 40.000 euro «Azur eta Asmar»entzat; Lamia Producciones Audiovisuales-entzat, 20.000 euro izango dira «La buena nueva»rentzat; eta Hordago Films Distribution-ek, beste 20.000 euro jasoko ditu «Maci koronela»rentzat. Bestalde, bost enpresen artean 153.900 euro banatuko dira zortzi film euskaraz DVD formatuan merkaturatu ditzaten. Hala, Luk Internacional-i 64.000 euro emango zaizkio lau filmaren euskarazko ediziorako: «Shin Chan eta Karakakako anbizioa», «Shin Chan. Helduak erasoan!», «Doraemon eta kaputxadun zaldunak» eta «Doraemon eta dinosauro txikia».
Bestalde, Idem 4-k 50.000 euro jasoko ditu «Gernika, el bombardeo»ren ediziorako; Irusoin-ek, aldiz, 18.000 euro «Lucio»rentzat; Barton Films-ek, 15.000 euro «Piccolo eta Saxo»rentzat; eta Lamia Producciones Audiovisuales-ek, 6.900 euro «La buena nueva»rentzat. Halaber, fikziozko eta animaziozko film luzeak eta sortze-dokumentalak iragartzeko eta sustatzeko diru-laguntza hauen onuradun izan direnen zerrenda eman du ezagutzera. Orotara, 293.388 euro banatu dira zortzi enpresen artean, beste hainbeste proiektu laguntzeko.
Zehazki, berrogeita hamarna mila euro jasoko dituzte Abra Prod-ek «La buena voz»entzat, Bainet Zinemak «Suizo»rentzat, Sonora Estudios-ek «Svenssonen sindromea»rentzat eta Zine 1-ek «Inoren itzala»rentzat.
Gainera, beste 50.000 euro egokituko zaizkio Irusoin-i "Cristobal Molon" animaziozko filmarentzako, eta 32.450 euro Baleuko-ri animaziozko beste lan batentzat: «Betizu eta Xangaduko misterioa». Azkenik, bi sormenezko dokumental hauek ere laguntza jasoko dute: Morgan Creativos Cine-TV-en «La zona» eta Elixir Films-en «Bullying, rompiendo el silencio».