Umea adin jakin batetik goiti ikusle zorrotza dela agerian utzi nahi duen jaialdia, Heletan
Haurrei zuzenduriko Dilin-Dalan jaialdia ondoko maiatzaren 17an eta 18an izango da Heletan. Antolatzaileek umeei zein gurasoei zuzenduriko kalitatezko egitaraua eskainiko dute bi egunez.
Ainize BUTRON | HELETA
«Umeak oso ikusle exigenteak dira. Oren erdi batez haur baten atentzioa lortzea oso lan zaila da», aipatu zuen Cecile Le Maout Dilin-Dalan jaialdiko antolatzaileak, bi egunez iraganen den jaialdia prestatzerakoan kalitatea derrigorrezkotzat izan zutela azpimarratuz. Jaialdia maiatzaren 17 eta 18an izango da hain zuzen. Eta, bi egunez hiru hilabetetik gorako haurrentzat ikuskizun eta animazioak eskainiko dituzte Heletan. «Haurrak txikitatik sorkuntzan murgilduak dira. Denbora igaro ahala sortzeko ahalmen hori galtzen da, baina haurren irudimen hori indartzeko ezinbestekoa zaigu kalitatezko lanak azaltzea», gehitu zuen.
Horiek horrela, bi egunez, mota guztietako ikuskizunak ikusi ahal izango dira Heletan. Orotara, sei ikusgarri eskainiko dira, eta horien artean, Elirale dantza konpainiak Amaia Hennebutte-Millard-ek idatziriko Lodikroko ikusgarria izango da euskaraz den bakarra. «Ikuskizun gehienak hitza baino irudia lantzen dute. Nahi izan genuen euskaraz ikusgarri gehiago azaldu baina ezin izan dugu», gehitu zuen Le Maoutek.
Parisetik datozen bi konpainia ere izango dira. Cailloux Sauvages taldeak «Kaolin» «poesiaz beteriko» lana azalduko du, eta Ali Fekhik berriz, «Alchimie» deituriko obra. Beste ikuskizunen artean Le Maoutek «Petit Bleu et Petit jaune» obra goraipatu zuen.
Haurtzaindegi eta eskolekin
Ikusgarrietatik at, beste hainbat animazio izango da Heletan bi egunez. «Metro bateko oihala banatu zaie haurtzaindegi eta eskola guztiei. Kolorea eta mugimendua gaitzat hartuta bakoitzak oihal hori betetzeko askatasun osoa izan du», argitu zuten antolatzaileek. Heletan oihal puska guzti horiek bildu eta, ikusgai izango dira. Beste animazioen artean, musika emanaldiak, tailerrak, gorputzaren zentzumenak pilpilean jartzeko «D'un sens à l'autre» ibilbidea, erakusketak eta beste hainbat ekitaldi izango da. Haurrekin batera, Dilin-Dalan jaialdiak beste xede bat ere badu, hots, helduak erakartzea. «Belaunaldi ezberdinak elkartu nahi genituzke. Dagoeneko, ume eta gaztetxoak hurbiltzen zaizkigu, baina, amatxi eta aitatxiak ere guregana nahi genituzke», esan zuten antolatzaileek. Horretarako, ume zein helduei begirako zirko tailerra eginen dute. «Liburuak irakurtzeko gune bat daukagu. Gure xedea bertan amatxi eta aitatxiak ipuinak kontatzea litzateke», azpimarratu zuen azkenik Cecile Le Maoutek.
«Belaunaldi ezberdinak elkartu nahi genituzke. Dagoeneko, ume eta gaztetxoak hurbiltzen zaizkigu, baina, amatxi eta aitatxiak ere gureganatu nahi genituzke».
Lekua: Heletako plaza eta eskolak.
Egunak: Maiatzaren 17 eta 18an
Antolakuntza: Pestacle et Compagnie elkartea
Sartzeko prezioa:
Ikusgarriak 6 eurotan eta animazio eta tailerrak urririk