GARA > Idatzia > Euskal Herria

Iruñeko ikasleak Euskal Unibertsitatearen alde

Iruñeko eta Nafarroako ikasleak Donibane auzoko Trinitarios gunean bildu ziren atzo Euskal Unibertsitatearen aldeko besta ospatzeko. Euskal Jaia izan zen, eta euskal kulturako nahiz bestelako hainbat ezaugarri bildu zituen. Parte hartze handia nabarmendu zuten antolatzaileek.
p020_f02_097x132.jpg

Jasone MITXELTORENA |

Iruñeko Donibane auzoko Trinitarios gunean ospatu zen atzo urtero ohi den Euskal Jaia. Besta hori Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapen ozena bihurtu zen, egun osoan barna ezagutu eta aditu ahal izan baitzen eskaera hori. Nafarroako ikasleek, zehatzago errateko, NUPeko ikasleek egun unibertsitatean dituzten arazoak nabarmendu zituzten behin eta berriz. Izan ere, «ikasleen askatasuna eta eskubideak ukatzen dituen unibertsitatean ikastera derrigortuak» daude, hainbat tresnen bidez eskubide horiek murriztu edo ezeztatzen dituztela.

Horien artean nabarmendu zituzten atzo ikasleen ahalmen kritikoa ezabatzea, ikasketa eremuetan pairatzen duten kontrola, ikasleen bozen balio urria eta euskaraz ikasi ahal izateko aukera ukatzea. Egoera honen aitzinean, Euskal Unibertsitatea eskatzen dute ikasleek, beraien eskubideak eta euskal nortasuna bermatuko dituen erakundea aldarrikatuz.

Parte hartze handia

Atzoko besta eguna 10.00etan hasi zen Trinitarios guneko karpan. Hasiera ekitaldia egiteko txupinazoa eta hamarretakoa egin ziren, eta jarraian beste hainbat jarduera, hala nola mus txapelketa, graffiti tailerrak eta esku-jokoak. Antolatzaileek azaldu zutenez, goiza ahul xamar geratzen zela-eta, aurten ekitaldi erakargarriak antolatu dituzte, eta atzokoan arras konten agertu ziren parte hartzeak nabarmen gora egin duelako.

11.30ean ginkana jokoak egin zituzten taldeka. Giro itzela sortu zen makina bat taldek parte hartu, eta umore ona nagusitu zelako. Ekitaldi hauen ondotik 14.30ean bazkaltzeko bildu ziren Donibaneko karpan -guztira 140 lagun zenbatu zituzten-. Bazkariarekin batean bertso saioa egin zuten, Nafarroako bertsolari gazteen eskutik: Baztango Jon Elizalde eta Iruñeko Julio Soto aritu ziren, zein baino zein finago. Umore ona nagusitu zen bertso saioan; Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarria serioa bazen ere, bertsolariek irria eragin zieten entzuleei, besteak beste, Unibertsitate horretan maila gainditu ez duen lehen ikaslearen papera egin zutenean. Bazkalondo alaiaren ondotik, 18.00 aldera kontzertuak hasi ziren karpan.

Skatuz taldea izan da aurtengo Euskal Jairako abestia osatu duena, eta talde horrek eman zien hasiera musika emanaldiei. Jarraian aldarrikapen egunaren ardatz den ekitaldia egin zen; Skaturen kanta aditu ondotik bertsolariek hartu zuten berriz hitza, euskararen eta euskal hezkuntzaren aldeko hitzak izan ziren, euskaldunak eta nafarrak izateagatik dagozkien eskubideak nafar ikasleentzat eskatuz. Karpan gero eta jende gehiago bilduz ari zen, eta alaitasuna ere, arratsaldeko orduak aurrera egin ahala, are nabarmenagoa zen .

Ekitaldiaren barnean NUPeko ikasleek prestatutako iragarkia eskaini zuten, eta ikus-entzunezko horren bidez ezagutarazi zen Nafarroako ikasleen aldarrikapenaren gakoa. Egungo sistemaren gabeziak azaleratzen dira bertan, etorkizuneko Euskal Unibertsitateak behar lituzkeen ezaugarriak mahai gainean jarriz. Ezaugarri horiek 2002-2003 ikasturtean zehaztu ziren, eta atzo gogorarazi zutenez, «euskaldunen unibertsitate eleaniztuna, euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea, gizarteko parte hartzea sustatzeko, Euskal Herriaren eraketa soziopolitikoan laguntzeko eta Europako unibertsitate esparruan homologatzekoa behar luke aldarrikatzen den unibertsitate horrek.

Poza nagusi aldarrikapenean

Euskal Unibertsitatearen aldeko aldarrikapena besta bihurtu zen atzo. Unibertsitateko ikasleez gainera, beste adinetako jendea era bildu zen atzokoan lehen aldiz Trinitarios eremuan antolatutako Euskal Jaira.

Ikasleek NUPen eremuan antolatzeko baimena eskatu bazuten ere, ezezkoa jaso zuten, han egiten ari diren berritze-lanak direla-eta. Antolatzaileak beldur ziren, leku aldaketa horrek parte hartzean eraginik izanen zuelakoan, baina arratsaldean pozik ziren; alderantziz, hirigunetik hurbilago izateak jendea bestara animatu zuela pentsatzea dakar, atzoko parte-hartze handia ikusita. Horrela bada, berez, arazo gisa aurkeztu zen toki aldaketak arrakastari egin zion lekua.

Dudarik gabe atzoko ekitaldi jendetsuena arratsaldeko kontzertua izan zen. Afu eta Raperos de Emaus taldeek elkarrekin egin zuten lehen saioa, eta karpa bete zen eta jendetza gogotsu dantzan jarri zuten bien artean. Dantzaldia ere iragarrita zegoen, Garrasi taldearekin.

Atzokoa Euskal Unibertsitatearen aldeko aurrerapauso gisa aurkeztu zuten. Izan ere, ordua omen da horren eraikuntzan eman beharreko pausoak aurreratzen hasteko. Gazteak hori eskatzeko bildu ziren atzo Iruñean, eta umore ona tarteko, itxaropena izan zen atzo nagusitutako sentimendua.

ezaugarriak

Euskal Unibertsitatearen ezaugarriak zehaztu zituzten: euskaldunen unibertsitate eleaniztuna, euskararen hizkuntza komunitatea eratzeko eta garatzeko erakundea, gizarteko parte hartzea sustatu eta Euskal Herriaren aldaketa soziopolitikoan lagunduko duena eta Europako unibertsitate esparruan homologatzekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo