GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Itziar Aizpurua (*) Ezker abertzaleko kidea

Ezin dugu iruzurrik onartu

Deiadarra botatzera natorkizue begiak zabal ditzagun Euskal Herriarentzat, abertzale eta euskaldunontzat hain garrantzizko dugun une honetan: ezin dugu iruzurrik onartu Burgoseko Prozesuaren garaiko presoak ez gintuen EAJk mespretxatzen, iraintzen eta bortxatzen. Ahaztuak ginen bai, baina ez gintuzten hiltzaile madarikatuak bagina bezala tratatzen

Ezker abertzalearen aurka denak balio duen mundu honetan, hitzak beren esanahia galtzen joan dira, gizartearen balioak galtzen joan diren heinean.

«Abertzale» hitzak batengan edo bestearengan zein balio desberdina duen jakiteko, ikusi besterik ez dago, EAJko buruzagiek hitz egiten dutenean edo ezker abertzalekoek egiten dutenean ageri den aldea.

«Abertzale» hitza «aberri»tik zetorrela ikasi genuen haurtzaroan Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpo bizi ginen euskaldunok. Eta hala delakoan gaude gaur ere, bai euskaldunontzat baita baskoentzat ere.

Orain, ordea, «mendiko» jendearen hitza, «abarkak» kendu ezindakoen arteko hitza, XIX. gizaldiko hitza balitz bezala, baztertu egin nahi dute beren burua modernotzat jo eta «naxionalismo baskoa» defendatzen dutenek, «patria» espainolean eroso baino erosoago bizi ahal izateko .

Aberria, bat da euskara jatorrean. «Vasco-español» esaten denean Espainia da «patria» eta bere burua «basque-francais» aldarrikatzen duenak, Frantzia du «patria»tzat. Ez gaitezen hitzen zurrunbiloan nahastu eta azkenean erotu, bidea galdu eta etxea zein den jakin gabe hiltzeraino.

Euskararen herria gara bai, gaur ere. «Aniztasun» hitza, betikoa izanda ere, XXI. gizaldi hasiera honetan hitz modernotzat hartzen da: eta, hara non!, gure ama hizkuntza, euskara, hondamendira amiltzen laguntzeko aitzakiatzat darabil hizkuntza politikak.

«Askatasuna», hitz magikoa, nork esaten duen, jakingo dugu bere ondasun eta diruak defendatzen ari den, ala, gizartearen eskuetan utzi nahi duen herri izaeraren erabakia.

Baina ariketa hauek egiteko, bizirik behar dugu egon, adi. Lana egin, familia osatu, lagunak izan eta aisialdietan disfrutatzeaz gain badugu beste kezkarik ere, geure buruaren jabe izateko erabakia hartzearena, alegia.

Franco hil zenetik 32 urte pasatxo igaro ondoren, ikusi eta bizi izandakotik ez dut uste ergelkerietan ibiltzeko garaiak direnik abertzale eta euskaldunontzat. Une gogorrak bizi ditugu herri bezala geure nortasuna eta etorkizuna jorratzen ari garenontzat, bereziki ezker abertzalearentzat.

Ez noakizue giza eskubide eta herri eskubide urraketen zerrenda egitera. Luze jotzeaz gain begi bistan dugu ikusi nahi izanez gero, eguneroko ogia baita; nahiz egia gordin hau estaltzen edo nahasten saiatzen diren komunikabide gehienak, irrati eta telebistak batik bat.

Kontuan har dezagun zenbat lagun, zenbat familia ezpainetan irribarrea dutela beren saminik larrienetakoan bizi diren, senitartekoren bat kartzelan edo ihesi urte luzeetan dutela: batzuk gaixo, besteak urteetan gora noiz etxean izango dituzten jakin gabe. Gaizkilerik gaizkileenen tratua Euskal Herriaren alde borrokatu izanagatik... Hau ere, modernismoak eragindako tratua ote?

Orain dela 37 urte Burgoseko Prozesuaren garaiko presoak ez gintuen EAJk mespretxatzen, iraintzen eta bortxatzen. Ahaztuak ginen bai, baina ez gintuzten hiltzaile madarikatuak bagina bezala tratatzen; eta torturatzaileekin bat eginda egundo ikusi gabea genuen EAJ. PSOEk bidelagun har zaitzan bion arteko interesak defendatzeko, noraino joateko prest zaude, EAJ-PNV? Euskal Herriaren izena eta izana galtzeraino?

Amnistiaren aldeko borrokalariak epaitzen ari diren egunotan, ikas dezagun haiengandik euskaldun eta abertzale izatearen harrotasuna; espetxean zein herbestean daudenen aldeko maitasuna, laguntza eta berotasuna esku betez emana. Nahiz honek dakarren ondorioa orain arte bezala, zigorra eta kartzela izan, beti izango dute herriaren esker ona eta miresmena.

Giza-eskubide eta herri-eskubideak eskuratzea ezinbesteko dugu aurrera ekiteko.

Dei ozena, deiadarra botatzera natorkizue begiak zabal ditzagun Euskal Herriarentzat, abertzale eta euskaldunontzat hain garrantzizko dugun une honetan: ezin dugu iruzurrik onartu eta gure herria Espainiaren menpe utzi orain arte bezala.

Horretan dabil EAJ-PNV buru-belarri PSOEren atzetik amorante mespretxatu legez.

Aita eta amaren etxea defendatu behar dugu.

Geure etorkizunaren jabe izan behar dugu.

Geure etxea eraiki behar dugu. Oztopo eta zigor guztien gainetik, goazen aurrera garaia da-eta.

(*) Jokin Gorostidirekin batera idatzitako artikulua

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo