Mundu osoko hainbat kultura batuko dira ekainean Bergaran
Mundumira jaialdiak, hain zuzen, Euskal Herria aldizkariak bultzatzen duen Munduko Kulturen Festak, askotariko ekintzak antolatu ditu ekainaren 6, 7 eta 8rako. Munduko kultura desberdinen topaleku izan nahi duen jaiak musika, gastronomia, zirkoa, kale ikuskizunak eta eskulangintza bateratuko ditu, besteak beste. Kontzertuen artean, Alpha Blondyren reggae erritmoak eta Tasha's Worlden soul musika nabarmendu dituzte jaialdiko antolatzaileek.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Aurreko hiru edizioetan egin bezala, aurtengo Mundumira jaialdia mundu osoko kulturen topagune izango da. Bergaran izango da aurtengo hitzordua ekainak 6, 7 eta 8an -aurreko edizioak Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan izan ziren-.
Munduko Kulturen Festa Euskal Herria aldizkariak antolatu ohi du, eta bertan bat egingo dute, besteak beste, musikak, naturak, zirkoak, kale ikuskizunak eta mundu osoko hainbat zaporek.
Egitarau oparo eta luzea atondu dute beraz, festa «irekia» izateko helburuarekin eta, batez ere, «mundua Bergarara ekartzeko» nahiak bultzatuta, Euskal Herria aldizkariko Kike Zinkunegik Donostian egin aurkezpenean azaldutakoren arabera.
Orotara sei mendi martxa; beste bi mendi martxa bizikletaz; Debagoienan zeharreko 20 bisita gidatu; eskulangintza, jaki eta bestelako 120 bat postu, eta kontzertu ugari antolatu dituzte. Bulder -harritzarrak eskalatzea- txapelketa ere antolatu dute aurtengoan eta, lehen aldiz, Topagune Solidarioa ere egingo dute, hau da, Gobernuz Kanpoko Erakundeen gunea, non hitzaldiak, erakusketak eta bestelakoak ere egongo diren.
Xedea munduko kultura desberdinek Bergarako kaleak hartzea izaki, askotariko ekintzak izango dira ikusgai; musikaz, gastronomiaz eta naturaz gain, budismoa zertxobait hobeto ezagutzeko aukera ere izango da Tibetetik etorriko den monje talde baten eskutik, jaialdia hasi eta hiru egun lehenagotik otoitzerako erabiltzen duten mandala egiten hasiko direnak. Era berean, sufismo korronteko Kairoko dervitxeen saio ikusgarriarekin gozatzeko parada ere izango da.
Horrekin guztiarekin batera, aurtengoan kale ikuskizun ugari aurreikusi dituzte topagune honetarako, hala nola: Alkora perkusio taldea; Balkanetako musika eta zirkua bat egiten duen Tandarica Orkestar; Salam! kalejira; edota Artea Teatroren «Los Naribol» obra. Lehen aldiz, gainera, «Beste errealitate batzuk» izenarekin, film laburraren zikloa ere antolatu dute. Hori guztia bost gunetan sailkatuko da Gin Tonic Producciones-eko buru den Sergio G. Cruzadok esan zuenez. Musika kontzertu ia guztiak San Martin Agirre plazan izango dira; herriko ikastolaren patioan, berriz, bi gune egongo dira, batek kale ikuskizun batzuk bilduko ditu, eta bestea GKEen gunea izango da; kalea hartuko duen Eskulangintza Azoka izango da beste bat, eta herriko frontoia azkena. Munduko Zaporeak, berriz, Domingo Irala kalean kokatuko da.
Musika
Musikari erreparatuta Boli Kostako Alpha Blondy da, beharbada, izenik ospetsuena.
Bob Marleyrekin batera reggae erritmoan munduan ezagunena den taldeak 2007ko azaroan kaleratutako «Jah victory» diskoa aukeztuko du jaialdiko lehen egunean, ekainak 6, ostirala, 22.30ean. Izan ere, reggae gaua antolatu dute jaialdiko musika saila irekitzeko eta Alpha Blondy taldearekin batera Euskal Herriko Revolutionary Brothers ariko da (21.00).
Larunbatean berriz, gero eta ezagunago egiten ari den Herbeheretako eta Erresuma Batuko Tasha's World izango da bertan (21.00). Soul eta musika beltza egiten du taldeak. Ondoren, 23.00etan fusioa egiten duen Kataluniako 08001 taldeak eskainiko du kontzertua. Gaua DJ Florok -soul, rithm&blues eta musika etnikoa- itxiko du, San Martin Agirre plazan.
Igandean Asíkides Greziako taldeak eskainiko du kontzertua, 18.00etan.
Aipatu behar da Mundumira jaialdiko ekintza guztiak doakoak direla. Antolatutako jarduera guztien xehetasunak www.mundumirafesta.com webgunean kontsulta daitezke.
Aurreko urteetan bezala jaialdiak Elastiko Solidarioa kaleratu du. 24 euro balio du (Euskal Herria aldizkariko harpidedunentzako, 18) eta dirua GKEek abiarazitako hiru egitasmoetara bideratuko dute.
Mundu osoko ikuskizunak bilduko dituzte Mundumiran, besteak beste, Egiptoko dervitxe talde bat, Irakeko The Bagdag Esemble edo Brasileko Laboratorio de Samba musika taldeak izango dira Bergaran.
Oreka Tx txalapartari bikoteak orain bi urte inguru abiarazitako «Nömadak Tx» egitasmoko «azken urratsa» Bergaran estreinatuko dute. Igor Otxoa taldekideak agertu zuenez, «jaialdiko filosofia eta jarrerarekin» bat egiten dutelako aukeratu dute Mundumira beren ikuskizun berria, «Nömadak», aurkezteko.
Guztira 40 bat minutu irauten du ikuskizunak eta zortzi emanaldi eskainiko dituzte. Horiek horrela, «Karpa ibiltaria» beraiekin eramango dute Mundumirara, eta ikuskizun multimedia eskainiko dute bertan. «Jotzen dugun bitartean «Nömadak Tx» proiektuan gurekin egon diren munduko nomada musikariak birtualki gurekin izango dira, pantaila batzuen bidez», esan zuen Otxoak. «Beraien paisaia, kolore, zapore eta usainak ere gurekin izango dira», gaineratu zuen. Ikuskizun «intimoa» egin nahi dute, ikusleak, 50 bat besterik ez aldi bakoitzeko, borobilean bi txalapartariak inguratuko dituztelarik.