Euri Albizu EHEko kidea
Eta euskarak?
Bilbo da Euskal Herrian euskaldun gehien biltzen dituen udalerria. Aldi berean, ordea, Bilboko Udala da euskara ez bermatzeagatik salaketa gehien jaso duena. Kontseiluak Euskal Herriko udalerrien hizkuntza politiken neurketa egin duenean, 10etik 2,61 puntu lortu ditu Bilbokoak.
Argi dago, Bilbon euskaldunok bigarren mailako hiritarrak garela, ez baitira gure hizkuntza eskubideak errespetatzen. Adibide garbiak dira alkatea erdaldun hutsa izatea, InfoBilbaok, Udalbatzak, «Bilbao» udal egunkariak eta Udaltzaingoak euskararekiko izandako begirune ezaren salaketak; azken hauen kasuan zerbitzua euskaraz emateari uko egiteagatik eta, ondorioz, Euskararen Erabilera Planak ezartzen duenari, hau da, zerbitzua herritarrak berak eskatutako hizkuntzan eskaintzea zehazten zuen arautegiari, muzin eginez.
Bilboko Udalean dagoen euskara planaren epeak edo plana bera betiko luza daitezke, epeak ez dira betetzen.
Urraketaren beste adibide garbi bat Bilbon oraindik A eredua soilik eskaintzen duten lau eskola publiko egotea da. Aldi berean, aipatzekoa da, Miribillako eskolan haur hezkuntzan D eredua egon arren, euskalduntzea ez dagoela bermatuta, eta Udalak (Eusko Jaurlaritzarekin batera) eskumena duen arlo honetan ez duela euskaldunduko duen ereduaren aldeko lanik egin, ezta egiten ere. Guraso elkarteak eta euskalgintzak egoera tamalgarri honi irtenbideak aurkitzeko saioak egin badituzte ere, administrazioek, Eusko Jaurlaritzak eta Bilboko Udalak, ez dute pauso bat bera ere eman.
Premiazkoa eta ezinbestekoa da lehentasuna aitortu, eta euskal herritarrek normaltasun osoz dagokien eskubideaz, euskara alor eta eremu guztietan erabil dezaten neurri zehatzak hartu eta aplikatzea. Euskal Herriaren eremu geografikoaz gainera, administrazioa, hedabideak, lan mundua, irakaskuntza, zerbitzu publikoak eta gainerako jendarte funtzio guztiak ere euskararen lurraldea dira. Hizkuntzaren lurraldetasun printzipioak, beraz, Euskal Herriaren lurralde osoa eta jendartearen funtzio guztiak euskararentzat normalizatzea eskatzen du.
Euskarak lehentasunezko tratamendua izan behar du eta horretarako administrazioak, kasu honetan, Bilboko Udalak, neurriak hartu behar ditu benetan Bilbon euskaraz bizitzea posible izango bada. Udal ordenantzak euskararen inguruko lege-arauak ezartzen ditu herrian. Hau da, udalerrian euskararen marko juridikoa definitzen du. Horregatik, Euskal Herrian eta Bilbon herritarron hizkuntza eskubideak eta euskararen ofizialtasuna bermatzeko aukerarik ez dugun bitartean, hori bideratzeko tresna dugu udal ordenantza. Euskarak arautua egon behar du eta euskara normalizazio bidean jarriko duten neurriak hartu behar dira. Neurri horiek «euskararen ordenantzak» onartzean dautza. Txakurrak, semaforoak, «botelloia», antenak... araututa daude, euren ordenantzak dauzkate, eta euskarak?