«Amaierara indartsu iritsiz gero, Milaneko erlojupekoa ondo egiten saiatuko naiz»
Euskalteleko txirrindularia
Oñatiarra sasoi onean iritsi da Girora, apirilean izandakoaren antzera. Orduan, ezustea eman zuen Paris-Nizan, atariko erlojupekoan bigarren postuan amaitu baitzuen, Thor Hushovden atzetik. Azken etapara indartsu iritsi nahi du, Milaneko erlojupekoan onenen artean egotearekin amesten baitu.
Aritz SORZABAL |
Koldo Fernandez de Larrearentzat lan egitea egokitzen zaiola argi du Irizarrek, baina ihesaldietan sartzen eta Milaneko erlojupekoan ondo ibiltzen saiatuko dela aurreratu zion GARAri Italiara joan aurretik.
Zer moduz iritsi zara Girora?
Nahiko gustura. Arazorik gabe egin dut prestakuntza Girora arte, ahal dudan hobekien prestatzen ibili bainaiz. Egia esan, pozik nago lortu dudan sasoi puntuarekin.
Zaleak aho zabalik utzi zenituen Paris-Nizan, atariko erlojupekoan bigarren postuan amaitzean. Apirilean izan zen hori. Sasoi puntu horretan al zaude orain?
Ezustea izan zen neuretzat ere. Banekien ondo nengoela, entrenamenduetako probetan sekula baino hobeto sumatzen bainintzen. Konfiantzarekin joan nintzen Paris-Nizara, baina hortik erlojupekoan bigarren izatera, aldea dago. Horrenbeste ez nuen espero. Atzera begiratzen badut, berez, apirilean izandako sasoi puntu horretan nago, gustura ari bainaiz. Gertatzen dena da askotan ondo gaudela pentsatzen dugula, eta gauzak ez direla guk uste bezain ongi irteten. Ikusi beharko da lasterketa nola datorren, baina nik uste dut sasoi puntu aldetik, antzeko nabilela.
Paris-Nizako balentria Italiako Giroan errepikatzeko esperantzarik ba al duzu? Ala beste helburu batzuk dituzu eskuartean?
Hemen ez da egon atariko probarik eta laua den erlojupeko bakarra azkenekoa da, Milanekoa. Amaierara indartsu iritsiz gero, erlojupeko hori ondo egiten saiatuko naiz. Dena dela, beste arloetan ondo ibiltzea dut helburu. Batez ere, esprintean buka daitezkeen etapetan Koldo -Fernandez de Larrea- laguntzea izango dugu lana. Hori lehenengo asteko eginbeharra da. Era berean, indarrik izanez gero, ihesaldietan sartzen saiatuko naiz, ea etapa irabazteko jokoan ibiltzen garen. Azkeneko Giroan bi ihesaldi harrapatu nituen, biek porrot egin bazuten ere. Helburua hori izango da, ihesaldiak hartu, eta ea helmugara iristen diren horietakoak suertatzen diren, etapak irabazteko lehian sartu ahal izateko.
Azken asteko profila eta mendateak ikusita, ibilbideak ez al du beldurra eragiten?
Iaz ere oso gogorra izan zen, eta azkeneko bost egunetan ibili nintzen ondoen. Giroko mendateak oso gogorrak dira, baina horretarako prestatzen gara.
Sailkapen orokorrera begira, helbururik ba al duzue?
Ez da erraza, italiarrak oso indartsu baitaude eta zaila izango baitugu norbait aurrean sartzea. Gainera, ez dut uste taldeari sailkapen orokorra askorik interesatzen zaionik. Adibidez, Landaluze etapa bila etorri da, eta denbora galtzea interesatzen zaio ihesaldietan sartzeko. Helburua, azken finean, etapa garaipen bat lortzea da.