GARA > Idatzia > Kultura

Antzokiko bi langile eszenatokiaz jabetuko dira «Ametsetan» lanean

Zirika Zirkusek hilabeteak eman zituen zirkua, antzerkia eta kabareta nahasten dituen «Ametsetan» lanarekin. Beren burua zuzendu ondoren, kanpoko gidari baten beharra sumatu eta Isa Aisa zuzendariaren esku utzi zuten lana. Estreinaldi osoa, gaur, Antsoaingo Antzokian.

p056_f01_97x180.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

«Ametsetan» egongo balira bezala egingo dute antzokiko bi langileek agertokian. Lanera joan arren errealitate honi kasu handirik egin ez eta ametsetan murgilduta jarraitzen dutenez, bidean aurkituko dituzten objektuen jabe egingo dira, pixkanaka artista bihurtuz eta antzokiaren jabe eginez. Eraldaketa prozesu honek trabak aurkituko ditu, bi langile hauen nagusia gertatzen denaz jabetuko baita. Eszenatokian gutxi agertzen bada ere, pisu handia izango du off-eko ahotsari esker. Nahiz eta Zirika Zirkusko kideek haientzako ohikoa ez den helduentzako lan bat egin nahi izan, «azkenean nahiko familiarra» geratu zaiela onartu du Ainhoa Juaniz taldekide eta ikuskizun honen bi antzezleetako batek.

Ez da Zirika Zirkusek antzezlan hau taularatu duen lehenengo aldia. «Ametsetan» lana euren buruak zuzenduz aurkezten ibili ziren taldekideak, baina, Ainhoa Juanizek azaldu duenaren arabera, ez ziren «ikuskizunarekin gustura geratzen». Sumatu zuten akats nagusia zuzendari baten beharra izan zen. «Kanpotik jendearen iritzia jasotzen duzu, baina, urte pila bat geure buruak zuzenduz ibili ondoren, kanpoko haizea falta zitzaigula nabaritu genuen», deskribatu du Juanizek. Egia esanda, ekarpen hauez arduratzeko aukera paregabea hautatu dute, Isa Aisaren esku utzi baitute lana. Ainhoak azaldu duenaren arabera, urte asko eman ditu zuzendariak klownen munduan lanean. Hortaz, eskarmentu handia eskaini ahal izan die haien «ideia leiala»-ri eutsiz, baina hobekuntza garrantzitsua ekarriz.

Ainhoa Juanizek azaldu dituen aurreikuspenen arabera, areto itxiak ez dituzte asko bisitatuko datozen hilabeteetan gaur gauean egingo duten emanaldiaz gain. Lan asko dituzte esku artean Zirika Zirkuskoek eta, Juanizek argi esan du, «Ez gaude aretoko ikuskizunen garaian». Udaberriarekin batera kale antzerkia da protagonismoa hartzen duena eta, hortaz, beste lan batzuei jarriko diete arreta. Estreinaldi honekin lan berrituaren harrera ikusi ahal izango dute, baina, hilabete hauetan jaialdiak eta kaleko ikuskizunak direnez interes gehien pizten dutenak, datorren ikasturteari begira mugituko dute «Ametsetan».

Nolanahi den ere, kabaret, antzerki eta zirku nahasketa interesgarria egiten duen lana ikusteko aukera izango da gaur Antsoainen. Hasieran berariaz helduei zuzendutako lana egiten saiatu ziren, «nahiz eta guk ohiz haurrentzako eta familiarrak diren lanak egiten ditugun», esan du Ainhoak. Ohitura dela medio-edo, azkenean, familia osoek bisita dezakete gaur antzokia. Oso atseginak dira eszenatokia garbitzea eta prestatzea helburu duten bi pailazoak. Ikuskizunak aurrera egin ahala, haiekin batera eszenografia ere aldatzen doa. Euskaraz taularatzeko prestatuta dagoen lana da, nahiz eta norbaitek eskatuz gero gaztelaniara itzultzea ez duten baztertu. Lanaren pisu nagusia, hala ere, ez da testuarena. Luis Lainezek eta Ainhoa Juanizek osatuta dagoen Zirika Zirkusen estiloari leial eutsiz, dantzak, akrobaziak, eskujokoak eta magia kontuez gozatzeko aukera izango da. «Klownak eta umorea, azken finean», laburbildu du Juanizek.

«Zuzendaria bat aurrean ispilua izatea bezalakoa da»

Era grafikoan azalduta, Zirika Zirkusko antzezlea den Ainhoa Juanizek oso argi utzi du zuzendari bat izateak duen abantaila nagusia: «Ispilu bat daukazu aurrean eta gauzak mementoan zuzendu ahal dituzu, ez duzu zertan itxaron beharrik akatsak emanaldien bidez zuzentzeko». «Ametsetan» lanaren aurreko aroko ibilbidearen eskarmentua eta ispilu berri honek eragin duen Isa Aisaren ekarpenari esker, kabaret landu bat eskaintzeko moduan daude taldekoak. Horregatik, gaur gauean 22.00etan egongo dira Antsoaingo Antzokian. Zuzendari bat gehitzeak ekarri dituen berrikuntzek zer-nolako onarpena duten ikusteko balioko die hitzordu honek taldekoei. I.A.

JAIALDIEN GARAIA

Ikuskizuna gaur estreinatuko duten arren, taldekideek azaldu dute hurrengo hilabetetan ez dutela askotan taularatuko. Garai honetan, kale antzerkiak eta jaialdiek baitute eszenetako protagonismo osoa.

Fitxa

Egilea: Zirika Zirkus.

Zuzendaria: Isa Aisa.

Antzezleak: Luis Lainez eta Ainhoa Juaniz.

Argiak: Ramón Marco

Koreografia: Javier Redrado.

Irapunea: 60 minutu.

Tokia: Antsoaingo Antzokia.

Data: Maiatzaren 16a.

Salneurria: 5 euro.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo