GARA > Idatzia > Kultura

Hendaiak eta Maulek kaleak prest antzerkiari lekua uzteko

Aniztasuna da Mauleko Antzerkialdiak eta Hendaiako Antzerkiaren Maiatzak elkarrekin duten ezaugarria. Bi hitzordu hauek datorren astean herri horietan antzerkia zabaltzeko helburua dute, horretarako irudia eta ikusgarritasuna oinarri duten hamaika proposamen bilduz. Aukera ezin hobea Hendaian eta Maulen adierazpen interesgarrien berri izateko.

p057_f01_133x96.jpg

Itziar AMESTOY | GASTEIZ

«Antzerkiaren eta karrika ikusgarrien liluraz» gozatzeko gonbidapen argia luzatu dute Mauleko Herriko Etxetik, Tokia antzerki taldearekin batera Maiatzeko Antzerkialdiaren arduradunek. Hendaiatik, ordea, «itxoiten ditugun une ederrak partekatzeko» deialdia egin dute. Bi hitzordu, baina helburu bakarra: publikoari antzerki ikuskizun anitzak eskaintzea hainbeste atsegin dituzten kultur adierazpen hauez gozatzeko.

Chimeres taldea arduratzen da Hendaiako jaialdiaz eta, azaldu dutenez, 24 urteko ibilbidearen ondoren aurtengo edizioak duen berritasun garrantzitsuena inoiz baino gehiago zabaltzea izan da. «Auzo desberdinek pisu handiagoa dute egitarauan eta, gainera, estreinakoz egongo gara Pierre Loti enparantzan», esan du taldekide batek. Hitzordu honen barruan egingo diren ikuskizun gehienak musu-truk izango dira, Varietes aretokoak izan ezik, baina hauek lau ikuskizun besterik ez dira egingo diren 24 proposamenen artean.

Kaleetan barrena eta Kaneta portuan eraikiko diren bi karpetan ikusi ahal izango dira pailazoak, zirkua, dantza, txotxongiloak eta mimoak ostegunetik igandera bitartean. Hilaren 17an, asteartea, hasiko dira emanaldiak ikasleei zuzenduta dagoen «Jeu de Piste. Volubilis» antzezlanarekin. Lanaren egileak eskola desberdinak bisitatu ditu aste hauetan Hendaiako haurrek ezagut zezaten. «Ikasleak, artea eta testuaren arteko lotura baten antzekoa sortzen da, eta gazteak antzerkian murgiltzeko era interesgarria da», azaldu dute jaialdiaren antolatzaileek.

Chimeres taldeak, antolakuntzaz arduratzeaz gainera, ikuskizun berri bat eramango du Hendaiara. Tximinoaz gogoeta lan bat da eta, aurten, hirugarren atala aurkeztu dute. «Tximinoaren eta gizakiaren arteko desberdintasun eta berdintasun» puntuez hausnarketa egitean datzan antezlan hau eta ostegun eta ostiral gauean ikusi ahal izango da. Egitarau osotik azpimarra daitekeen beste ikuskizun bat «Lulu» antzezlanaren aurreemanaldia da. Txiletik etorritako Hecho en Casa taldearen lana da eta Baionan urria alderako daukate aurreikusita estreinaldi osoa.

Mauleko Maiatzeko jaialdiak ez dauka Chimeresek antolatutakoak duen ibilbide luzerik, baina, hala ere, seigarrena den edizio honekin, sendotzen doan ekimena da. Antolakuntzan diharduten Tokia taldekoek deskribatu dutenaren arabera, «kolorez eta bizitasunez» beterik etorriko da asteazkenetik larunbatera bitartean ospatuko den aurtengo edizioa. Ikuskizun mordoa izango duten arren, Trapu Zaharra taldeak asteazkenean eskainiko duen «Aterpea» azpimarra daiteke. Lan honetan ilusio galduak dituzten bi lagunen gorabeheren berri ematen da. Horrez gainera, Kukubiltxokoen «Argitxo eta Dir Dir» txotxongilo lana edota De Trop taldearen zirku ikuskizuna ere ikusi ahal izango dira Maulen.

Azken finean, lau egunez «antzerki sormen lanak, zirkua, dantza, musika eta ederlan plastikoak ahal bezainbat jenderengana heltzeko parada» luzatu duten bi hitzordu dira Hendaiakoa eta Maulekoa.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo