GARA > Idatzia > Kultura

Ediziorik internazionalenari egingo dio aurre Donostiako Eszena Arteen Jaialdiak

Hamalaugarren ekitaldia izango du Donostiako Arte Eszenikoen Jaialdiak uztailaren 8tik 12ra bitarte. Arduradunek aurkeztu berri duten egitarauan argi islatuta geratu denez, ekimenak nazioarteko izaera izan dezan berebiziko ahalegina egin dute oraingo honetan, zazpi bat herrialdetako lanak izango baitira hitzordu honetan. Dantza, klasiko handiak eta Hego Amerika izango dira protagonista. Jaialdiak, gainera, irudi eta izen berria -dFeria- ere estreinatuko ditu.
p053_f01.jpg

I. AULESTIARTE | DONOSTIA

dFeria izenaz bataiatu duten jaialdiaren hurrengo edizioak estreinaldi eta dantza-ikuskizun ugari bilduko ditu uztailean. Argentinatik iritsiko dira Enrique Federmanen zenbait «altxor», Peter Brookek sinatutako ekoizpen frantses bat ere izango da ikusgai eta, besteak beste, Japonia, Errusia, Portugal, Inglaterra eta Brasil ere izango dira presente egitarauan, ekimenak nazioarteko bokazioa izan dezan egindako saiakeraren ondorioz.

Iaz berriz ere ateak zabaldu zituen Victoria Eugenia antzokiak, eta eta aurtengo edizio honetan, Batik japoniarrak izango dira «Shoku» lanarekin dFeria antzoki horretan estreinatuko dutenak. Dantza, antzerkia, performancea eta musika uztartzen ditu «Shoku»k. Ikuyo Kurodaren gidaritzapean, sentsualitatea da nagusi musika-generoak elkarri gainjartzen zaizkion lanean.

Check by Jowl errusiarren «Errege-gaua» (Noche de Reyes), gaztelaniazko azpitituludun bertsio originalean aurkezturik, eta Samuel Becketten testuetan oinarritutako Peter Brook-en «Zatikiak» (Fragmentos) obrak izango dira nazioarteko literaturaren klasiko handiei dFeriak egingo dien omenaldia osatuko duten lanak; gerora Chicos Mambo koloretsuak arituko dira Donostian eta horien ardura izango da jaialdiko ikuskizunei amaiera ematea ere, «Méli-Mélo» lan frantsesarekin.

Antzokiko Club aretoa dotore jantziko dute Federman argentinarraren «Perras» eta «No me dejes así» aurkezteko; zalantza, keinuzko komunikazioa eta fantasia dira bietan ezaugarri nagusi. Cristina Moura brasildarrak, aldiz, giza bulkadak ikertzen ditu «Like an idiot» koreografian.

Euskal konpainiei dagokienez, horietako askok Antzoki Zaharrean beren txokoa izango dutela iragarri berri dute arduradunek. Pok Producciones-en alzheimer gaitzaren inguruko «¿Te acuerdas, abuela?» obraren eta Kukubiltxoren «La exacta superficie del roble» euskarazko eta gaztelaniazko estreinaldiekin batera, Tanttakaren «Comida para peces» eta La Villarroel-en «Hermanas» obra kataluniarra izango dira bertan aukeran. Azken hau bizitzaren bidez heriotzaz hitz egiten duen istorioa da. Agerre Teatro taldeak, bestalde, «Secando charcos» antzezlana eskainiko du, Garbi Losadaren zuzendaritzapean.

Dantza izango da protagonista, beste behin, Gazteszenan, Silvia Vladimivsky eta Diana Szeinblum argentinarren eta Cristina Mouraren estreinaldiekin, eta Organik-en eskutik «Lilas» ikuskizunarekin datorren Gasteizko Gobernuaren Dantzarako Plataformarekin. Dantza ugari, beraz, espazio honetan, baina tarte bat ere utziko zaio Andrés Bazzalori «Escrito en el barro» antzezlana aurkez dezan.

Dantzarako Plataformak Lugaritzen ere izango du presentzia La Dinámicaren «Animaliak» aurkeztuta; Grupo Primos arituko da familia bat biltzeko lanetan murgilduta, eta Chapitoren «Drákula»k bere zalekeriak erakutsiko ditu leku berean.

Kursaalak «Guy&Félix»en desio eta gurariak bilduko ditu, Trece Producciones-en eskutik; bai eta «Musicall», Yllana-Imprebísen musikal «dibertigarri, aparta eta berdingabea» ere. Kukai-Tanttakak, Sarrionandiaren testuak ardatz dituen «Hnuy illa...» Tabakaleran eskainiko du.

Erabateko estreinaldien artean -gaztelania ez den beste hizkuntzaren batean aurkeztuak izan diren lanak-, hauexek: «Drákula» (Portugal), «Hermanas» (Katalunia), «La exacta superficie» (Euskal Herria). Antonia San Juanen «Guy&Félix» lanarena ere estreinaldia da.

21 KONPAINIA

Orotara 21 izango dira dFeriak hiriburuko areto desberdinetan bilduko dituen konpainiak, eta 24 eskainiko diren ikuskizunak. Iragarri dutenez, kale egitaraua laster aurkeztuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo