ACB Titulurako Play Off-a
Lehen urratsa sekula baino erabakigarriagoa izango da
Baskoniak, Planinic gabe, Pamesa hartuko du Zurbaon eta gasteiztarren presioa eta beharra ilusioa izango da Bilbao Basketentzat Bartzelonan
Jon ORMAZABAL | GASTEIZ
Play Off batean, ondo hasteak beti izan du izugarrizko garrantzia, baina ACB ligak egindako formatu aldaketarekin, kanporaketak bost partida izatetik hirura pasa direnez, ia-ia erabakigarria izan liteke irabaziz hastea. Hala, eta egoera oso desberdinetan, Tau Baskonia eta Iurbentia Bilbao Basket lehen urratsa ematen saiatuko dira gaur arratsaldean, Pamesa eta Bartzelonaren aurka.
Gasteiztarren kasuan, denboraldi gorabeheratsu bati amaiera ona emateko azken aukera da ACB. Kopako finalera eta Final Four-era heltzea, antza, ez da nahikoa eta galtzaile sena gainetik kentzeko irrika handia da Baskonian. Azken porrotek aurretik gaiztotutako barne giroa okertu izanaz gain, arazo fisikoei ere aurre egin beharko diete gasteiztarrek. Zoran Planinic antolatzaileak ez du gaur jokatzerik izango eta Spahija ez zen ausartu Igor Rakocevic kantxan egongo dela ziurtatzera, nahiz eta, dirudienez han egongo den.
Arazoak arazo, denboraldiko unerik garrantzitsuenak heldu direnean Baskoniak aurpegirik onena eman du eta kanporaketa honetan ere hala gertatuko delakoan dago Neven Spahija. Valentziarren aurka, Madrilen Moskuko CSKAren aurka jokatu zuen Tau espero du kroaziarrak «kalitate gutxiagorekin -Zoranek ezin izango duelako jokatu eta agian Rakocevicek ere ez-, baina bai gainerako alderdi askotan», nabarmendu zuen.
Hutsunerik gehienak kanpoaldean ditu Baskoniak eta justu hortxe da indartsuen Pamesa, -Williams, Douglas eta Oliver-, baina taldeak ondo erantzungo duelakoan dago kroaziarra. Bolada onean datorren arren, gasteiztarrek ez bezala, une erabakigarrietan huts egin dute orain arte Pamesakoek, eta ea gaur ere gauza bera gertatzen den.
Ilusioa gainezka
Gasteizen estuasuna eta beharra den guztia, ilusioa da Bilbon, izan ere, gaurkoa Bilbao Basketek historian jokatuko duen lehen Play Off-eko partida da eta presio guztia Bartzelonarena izango da. Denboraldia sekulako porrota izan da kataluniarrentzat eta datorren urtean Euroligan jokatzeko Joventuten aurretik amaitu beharko dute.
Superkopan eta Kopan, orduan, Ivanovicek zuzentzen zuen taldeari irabazteko gai izan ziren bilbotarrak, baina kanporaketa honek zailago dirudi. Batetik, Bartzelonak kantxa bere alde du, eta, bestetik, barruko jokoa oso ahul duela ekingo diote bilbotarrek partida honi. Eztarriko arazo larriak izan ditu Fred Weisek azken egunotan eta, jokatzekotan, oso makal arituko da frantziarra. Drago Pasalicek ere bizkarreko minak jota egon da azkenaldian.