GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Indar polizialen lana omenduko du Lakuak Kursaalen

p005_f02_097x100.jpg

GARA | BILBO

Gasteizko Gobernuak igande honetan Donostiako Kursaaleko aretoetan ETAren biktimentzat antolaturik duen ekitaldia indar polizialen lana omentzeko erabiliko dutela adierazi zuen atzo Maixabel Lasak, Indarkeriaren Biktimen Arretarako Zuzendaritzako arduradunak.

Legutioko atentatuan Manuel Piñuel guardia zibila hil ondoren, Estatuko Segurtasun Indarrek ETAren kontrako borrokan egiten duten lana omentzeko balioko duela ekitaldiak zehaztu zuen Lasak.

Donostiako alkate Odón Elorza ere prentsaurrekoan izan zen, baita Gipuzkoako ahaldun nagusi Markel Olano ere, eta «batasuna» eskatu zuen ETAren jardunari aurre egiteko. Hala ere, ordu batzuk lehenago PPk eta Covite-k ezagutarazi zuten ez dutela Kursaaleko ekimenean parte hartuko. Nahiz eta hasiera batean joateko asmoa erakutsi, Juan José Ibarretxe lehendakariak «ETAren munduari babes sozial eta politikoa ematen jarraitzen» duela argudiatuta, uko egin zioten ekitaldian parte hartzeari. Joan den urtean ere, Covite eta PP ez ziren agertu Bilboko Euskalduna Jauregian egin zen antzeko omenaldi batera. Bertan, Ibarretxek barkamena eskatu zien ETAren biktimei euskal gizartearen izenean. Hala ere, oraingoan agertzekotan ziren eta horretarako, lehendakariak ez hitz egitea adostu zuten.

«Moral bikoitza»

EAEko PPren idazkari nagusia den Carmelo Barriok «moral bikoitzaz» jokatzea aurpegiratu zion lehendakariari, eta adibide gisa jarri zuen apirilaren 30ean Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren urteurrena zela-eta egindako ekitaldira Etxerat gonbidatu izana. Egun hartan, nahiz eta hasiera batean ekitaldian parte hartzeko deia jaso zuten, hirukoaren ordezkariek azkenean ez zieten errepresaliatu politikoen senideei Lehendakaritzan sartzen utzi.

ETAren biktimak omentzeko asmoz Lakuako Gobernuak antolaturiko ekimenak ugari izan dira azkenaldian. Gasteizko Parlamentuan erakusketa bat eta guzti jarri zuten haien omenez, eta atzo, lehen aldiz, Legebiltzarrak omenaldia egin zion guardia zibil bati, Legutioko atentuan hildakoa gogoan hartuta.

Ertzaintzak ere parte hartu zuen ekitaldian Guardia Zibilarekin batera, ETAren aurkako borrokan bien arteko batasuna irudikatuz. Baina PPk eta Covite-k gogor kritikatu izan dute lehendakariaren jarduna, Gregorio Ordóñezen alargunak ekital- di batean egin zuen bezala, EAJko hainbat kideren aurrean.

Covite-k prentsa ohar baten bidez azaldu zuenez, ez da ekitaldira agertuko, baina bere iritzia ezagutarazteko testu bat bidaltzeko asmoa duela gaineratu zuen. Haren bidez, «helburu abertzaleak albo batera uzteko» eskatzen dio Lakuari «ETAri gailendu eta biktimek gizartearen aurrean merezi duten lekua berreskuratu arte».

PIÑUEL

Legutioko atentatuaren ondorioz hildako guardia zibila ere gogoan izango dute Kursaal Jauregiko ekitaldian, Maixabel Lasak azaldu zuenez.

EZ DIRA egongo

PPk eta Covite-k ez dutela ekitaldian parte hartuko jakinarazi zioten Ibarretxeri, eta «moral bikoitzarekin» jokatzea egotzi.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo