Josu Imanol Unanue Gizarte ekintzailea
3.600 eurogatik
Badirudi sektatik kanpo eta infernuan bizi garenok ere beraiei buruzko iritziren bat ematen badugu, ez dugula adierazpen askatasunik izango. Bitxia, garaiotan, oraindik ere erakunde kontserbadoreak horrenbesteko indarra izatea
Bizi dugun ideien miseria honetan, irudi batzuk ukiezinak bihurtu zaizkigu. Silveirak egin duen idatzi bat dela-eta, betikoek dirua ateratzeko eta beren indarra erakusteko asmoa daukate hari isun bat jarriz. Dena katolizismoak defendatzen duen Ama Birjina iraintzeagatik? Ez dut uste.
Horrelakoak gertatzea ez da berria, baina bai hain hurbil izatea. Eta ez da ezagun bati eraso egin diotelako; ez, ez, urruneko emakume ikusezin horri buruz Silveira ausartu delako zerbait idazten, haren egunean gainera. Badirudi, urrun egon arren, Ama Birjina iraindua sentitu dela edo, hobeto esanda, bere sektako jarraitzaileek min jaso dutelako zigorra eskatzen dutela idazlearentzat.
Zer ote diren gauzak, orain gutxi, eta asko pentsatu ondoren, sekta utzi dut, beharrezkoa nuen elkarte arraro horretatik nire izena kentzea, min handia sortu baitit. Ezin nuen jasan, hain alaia izanda, hor egotea, errezoetan murgilduta, beldurrez eta mezu pozoituak isiltzen jarraitzea. Baina badirudi sektatik kanpo eta infernuan bizi garenok ere beraiei buruzko iritziren bat ematen badugu, adierazpen askatasunik ez dugula izango. Bitxia, gauden garaietan ere, oraindik ere horrenbesteko indarra izatea erakunde kontserbadoreak.
Izan ere, isunak jartzen hasiz gero, has gaitezen bizitakoak ateratzen, jakin badakizkigunak; Franco diktadorea edo indar armatuen palio azpiko paseoak, Pio XII.a kanoi «faxistak» bedeinkatzen; ikastetxe erlijiosoetan bizitakoak, beraiek zabaldu eta mamitu dituzten emakumeen aurkako mezuak, osasunaren aurka bultzatu eta mantendutako jarrerak, kondoien edo abortuaren aurkakoak, elizatik zabaldutako homofobia eta abar. Ez dute horiek inolako isunik merezi? Non egon dira epaileak?
Bai, badakit ama baten aurka egitea oso gogorra dela, are gehiago, guztion ama izendatutakoa bada eta haren birjinitatea bera ere zalantzan jartzen denean, baina zer demontre! Ez da egia emakume hori «guztiz garbia» dela; izan ere, haurra izan du. Hori horrela dela esatea ez al da gezurretan aritzea? Ez noa sakontzera, baina begira, nik ere izan dut ama, eta berak esana da «birgoa» ez dela hain garrantzitsua, ez berarentzat, ezta inorentzat ere; beraz, zer dela-eta hainbeste ipuin eta zorakeria?
Eta kaka aipatzen bada idatzian eta kristauek hori iraintzat hartzen badute, esan beharra daukat guztiok lehenago edo beranduago egiten dugula kaka ederra, ezkutuan baina naturaltasunez. Ez dauka misteriorik, eta horren inguruan sortzen ditugu txiste gehienak, baita beraiek ere; egia esan, batzuk gustatzen ez bazaizkit ere, beste batzuek barrea eragiten didate. Ez da izango Silveira epaitu nahi dutenak umorerik ez dutela?
Eta zer arraio! Erritu eta dogma kristau berari eusten diotenak irainduta sentitzen badira, ez dut esango nola gauden besteok erritu eta dogma jarraitzaile horiek historian zehar egindako inposaketen erruz.
Gero beste erlijioetakoei lotzen dizkiegu fundamentalismoa eta amorrua. Ni, badaezpada, bertsolarien alde nago, nahastuta bainaukate ipuin kontalariek eta beraien beldurrezko istorioek.
Erruki nazala beren jaungoikoak eta barkatu txarto esanak, baina ama eta birjina izatea ezinezkoa da... Amen.