Mikel Aramendi Kazetaria
Agintetik klandestinitatera, aitaren batean
Estatu kolperik, agerikorik behintzat, jazo gabe (estatu kolpeetan, jakina, prozedura «normalena» baita agintean zegoena sasira, presondegira edota urkabera bidaltzea; ordaina ere bertsua izan ohi delako, huts eginez gero), baina ez dugu, agian, ez luzaro itxaron, ez urrutiegi joan beharko bitxikeria hori ere ikusteko: agintean dagoen partidua, ziur asko, legez kanpo ipiniko duen ebazpena kaleratzear dago Turkiako Epaitegi Konstituzionala. Berau osatzen duten hamaika epaileetatik zazpi, behintzat, AKP-Justizia eta Garapenaren Partidua, bozen %46rekin duela hamar hilabeteko hauteskundeak irabazi eta gehiengo erosoarekin agintean dagoena, legez kanpo ipintzearen alde egongo lirateke, martxoan fiskal nagusiak abiarazi zuen legez kanporatzeko prozeduraren bidez.
«Legea urratzen ari bada partidu hori, eta lege beroiek hala aginduko balute, zergatik ez?», esan dezake norbaitek, zuzenbidearen zorroztasunaren gailurra ere izan litekeelakoan. Eta, teoria hutsean, litekeena da. Turkiako kasu zehatzean, ordea, oso bestelako kontua ematen du. Eta legeak nork eta nola eginak eta aplikatuak izan behar duten ekartzen du hizpidera.
«Sekularista» deitu ohi diren korronte politiko eta sozialen presio andana pairatu ondoren irabazi zituen iaz hauteskundeak AKPk, aurrekoan baino askoz alde handiagoarekin. Estatu kemalistaren adar judizialak, hala eta guztiz ere, orain zertu nahiko lukeena 1998an Refah-Ongizatearen Partiduari ezarritako ilegalizazioaren errepikapena izango litzateke... gero, 2003an Europar Giza Eskubideen Auzitegiak hari eman zion onespena ere errepikatuko litzatekeelakoan. AKPko arduradunak, hala ere, ez dirudite oso asaldatuta: legez kanporatzeak sortuko lukeen krisi politikoak hauteskundeak aurreratu beharra ekarriko luke. Eta hauteskunde horietako bakoitzean, aurrekoan baino emaitza hobeak erdiesten ari dira islamistak, «sekularisten» trikimailu gero eta bitxiagoen gainetik.
Esan gabe doa Turkia Europar Batasunean sar ez dadin zernahi egiteko prest leudekeenak oso pozik egongo direla. Ez lukete, haatik, batere poztu behar behin edo behin «Mendebaldeko Turkia» deitu dugun honetan antzeko egoeratan egon daitezkeenak. Espainiako Partiduen Legea, Turkian 1990eko hamarkadan alderdi kurduak legez kanpo ipini eta pertsegitzeko asmatu zutenaren bikia da. Eta orain han ikustear egon gaitezkeen bitxikeriaren antzekoak egin ahal izateko zimentarriak ipinita daude hemen ere.