Aizkora | Urrezko lehiaketa
Nazabalek ez du hutsik egin, eta finala jokatuko du
Nazabal atzetik izan zen lehen hiru lanetan, baina erditik aurrera erraz menderatu zuen Arria V.a, eta amaieran minututik gorako aldea atera zion
Jon LEUNDA | DONOSTIA
Ez zen ezusterik izan atzo Duranan, eta Floren Nazabalek lortu zuen Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela Arria V.a mendean hartu ostean.
Jende ugari batu zen Arabako herri horretan lehen finalerdia ikusteko. Etxarrikoa zen faborito garbia, baina estreineko hiru lanetan gipuzkoarrak hortzak erakutsi zizkion, eta nafarra estu ibili zen. Aizkolari bakoitzak sei lan ezberdin egin behar izan zituen. Hasteko, 45 ontzako enborra zeinek kolpe gutxiagotan moztu ibili ziren. Ondoren, tamaina bereko enborrarekin erlojuz kontra lehiatu behar izan zuten. Hirugarrengoan, kana-erdiko enborra erdibitu behar izan zuten zutik. Laugarrengoan, 60 ontzakoa moztu behar izan zuten. Bosgarrengoan, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda izan zituzten mozteko. Azkenik, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko moztu behar izan zituzten.
Kolpekako probarekin ekin zioten lanari, eta saioko berdinketa bakarra izan zen, bakoitzak 32 kolpe behar izan baitzituen enborra erdibitzeko. Bigarrengoan, erlojuz kontrakoan, errezildarra nagusi izan zen, 40 segundotan bota baitzuen 45 ontzakoa, eta hiru segundo atera zizkion Nazabali. Hirugarrengoan ere errezildarra aurretik izan zen. Zutikako enborra minutu eta 43 segundotan moztu zuen, eta lau segundoko aldea atera zion aizkolari nafarrari.
Lan erdiak eginda zeuden, eta une horretan Arria V.a aitzinetik zen, zazpi segundotako aldea kentzen baitzion Nazabali. Hala ere, Etxarrikoak, laugarren proban irauli zuen aldea, eta aurrea hartu zuen. 60 ontzakoa minutu eta 37 segundotan amaitu zuen, eta hamahiru segundo kendu zizkion Arriari. Sailkapenean ere aurretik jarri zen nafarra, sei segundoko aldea lortu baitzuen.
Azkeneko bi lanetan Nazabal jaun eta jabe izan zen, eta Arriak ez zuen izan inongo aukerarik. Zutik eta etzandako lana, 2 minutu eta 8 segundotan amaitu zuen Florenek, eta 17 segundo kendu zizkion aurkariari. Lan luzean ere txapeldunak ez zuen hutsik egin, eta 13 minutu eta 47 segundotan amaituz, errezildarrari 54 segundotako aldea kendu zion.
Amaieran, 20 minutu eta 34 segundo behar izan zituen Nazabalek lan guztiak burutu ahal izateko, eta Arria V.ak, berriz, 21 minutu eta 51 segundotan amaitu zituen lan guztiak. Beraz, Nazabal aurten ere txapelari eusteko lehia jokatzeko moduan izango da, bere lehen helburua, finala jokatzea, alegia, lortu baitu. Aurkaria datorren igandean ezagutuko du, egun horretan lehiatuko baitira Legution Lopez eta Larretxea. Ezuste handiren bat gertatu ezean, Larretxea izan liteke aurtengoan ere haren aurkaria.
Bestetik, herenegun iluntzean, 18 urtetik beherakoen eta 23 urtetik beherakoen finalerdiak jokatu zituzten. 23koei dagokienez, Rekondok erraz lortu zuen sailkatzea, aparteko arazorik gabe menderatu baitzuen Jauregi. Leitzarrak Mugertza II.arekin neurtuko ditu indarrak finalean, pasa den igandean Atutxa II.ari irabazi baitzion hark.
18 urtetik beherakoen bi finalerdiak, berriz, oso lehiatuak eta orekatuak izan ziren. Lehenengoan, Ohian Larretxeak lortu zuen txartela Olanori irabazita. Azkeneko lanera, ordea, Olano minutu bat eta 4 segundo aurretik heldu zen, baina Larretxea gazteak horri buelta eman zion. Erasunen eta Kañamaresen artekoa ere oso lehiatua eta borrokatua izan zen, eta azkenean Erasun gailendu zen, baina 16 segundo bakarrik atera zizkion Kañamaresi.
Etxarriko aizkolari txapeldunak datorren igande eguerdian ezagutuko du Azpeitiko Izarraitz pilotalekuko finalean izango duen aurkaria, egun horretan neurtuko baitira Legution Donato Larretxea eta Juanjo Lopez.