HARRI-JASOTZEA
Sardonek hiru aldiz jaso du 125eko zilindroa
J.L. | URNIETA
Marijose Sardonek bere marka gainditu egin zuen, eta horretaz gain, emakume batek orain arte plaza batean inoiz egin ez duena egitea lortu, izan ere, 125 kiloko zilindro zaharra hiru aldiz berdindu baitzuen bizkarrean, eta lehen berak zuen marka jasoaldi batekin ondu zuen.
Urnietako harri jasotzaileak orain dela hilabete egin zuen marka, 125eko zilindro zaharra bi aldiz jasoz, baina saio hartan esamesak ugari sortu ziren, askoren ustez oso zalantzazko jasoaldiak izan zirelako.
Atzokoak, ordea, ez zuen eragin inongo zalantzarik, nahiz eta gipuzkoarrak hasiera oso txarra eman zion. Jende asko batu zen Urnietako pilotalekuan, beren herritarraren marka saiakera ikusteko, nahiz eta atzo arratsaldean eguraldia etxean geratzeko aproposagoa zen.
Sardonek hasiera oso txarra izan zuen. Egin beharreko berotze ariketak egin ostean harriari heltzeko prest agertu zen, eta epaileak txistua jo bezain azkar heldu zion harriari, baina oso trakets, eta jasoaldia ustela izan zen. Hasiera hura ezin okerragoa izan zen, baina Sardonek horri buelta emateko bazela gai erakutsi zuen.
Tarte bat hartu ostean, berriro ere harriari heldu, eta orduan jasoaldi garbia eman zion. Minutu eta 30 segundo bete ziren unean egin zuen lehen jasoaldia, eta, gainera, bost minutuko txanda bukatu aurretik beste bi jasoaldi egiteko aukera ere izan zuen.
Beste atsedentxo bat hartu eta berriz heldu zion harriari. Bizkarrean berdindu zuen, eta berdintzeaz gain, harriari bizkar gainean eutsi ere egin zion segundo batzuetan. Berak lehendik zuen markaren parekoa egin zuen, beraz, baina artean, bazuen hirugarrena egiteko aukera emango zion tartea, bigarren jasoaldi hori, 3 minutu eta 17 segundotan egin baitzuen. Arnasa pixka bat hartu, eta hirugarrenari ekin zion, baita lortu ere, 4 minutu eta 47 segundotan, hain zuzen. Amaieran helburua beteta zuen Sardonek, eta zaleek txaloekin eskertu zuten erakustaldia.
Amaieran pozez gainezka zegoen Sardon, hasiera txarra izan arren: «Egia esan, oso gaizki hasi naiz, eta jasoaldi ustela egin dut. Nire buruarekin haserretu naiz, baina hori bazterrean utzi, eta berriz hasieratik hastea erabaki dut, eta gero hiru jasoaldi on ematea lortu dut», adierazi zuen. Orain dela hilabeteko arantza atera duela argi utzi zuen: «Egia esan, marka niregatik egin dut. Jasoaldi haien inguruan esamesak ugari zabaldu ziren, baina ni neu ez nintzen nire lanarekin gustura geratu, baina gaur, oso gustura geratu naiz, hiru jasoaldi on izan baitira».