GARA > Idatzia > Euskal Herria

AHT gelditzeko aldarrikapena desobedientziaz baliatu zen ehunka lagunen babesarekin

Ordizian, Abiadura Handiko Trenaren lanak hasi izanak haserre bizia piztu du herritarren artean. Protestek ez dute etenik eta atzo hirugarrenez sartu ziren obretara, AHT gelditzeko deiadarra bertatik bertara hedatzeko. Ertzaintzak bortizki kanporatu zituen kateen bidez lotu zirenak, baita haiei babesa ematera joandako ehunka pertsonak ere.

p018_f04_111x111.jpg

Oihana LLORENTE

Eguerdiko hamabiak zirenean, makina bat lagunek bat egin zuten Ordiziako Arboledan. Ehunka ume, gazte eta heldu, ordiziar zein kanpotar, bertaratu ziren AHT Gelditu! Elkarlanak egindako deialdian. Mantso-mantso ekin zioten Malkaskorako bideari, Gelditourreko furgoneta eta Fermin Muguruzaren doinuak atzean utzita.

Erdi Aroan erabat murgildurik zegoen Ordiziako herria, eta trobadore eta zaldunek ere bat egin zuten «AHTrik ez, herriak bizirik!» edota «Ez, ez, ez, txikiziorik ez!» aldarri ozenekin. Herria zeharkatu zuen «Obrak gelditu! Lurra ez txikitu!» zioen pankartak, atzean ehunka lagun oihuka eta oihuka zituela. «Y vasca, todo por la pasta» edo «Tenéis el corazón lleno de hormigón» gisako leloek arreta piztu zuten ordiziarren artean, baita manifestazioan zehar pintadak egiten zebiltzan gazteek ere.

Malkaskon egin zuen geldiunea martxak, Ertzaintzaren furgoneta batek obretako bidea oztopatzen baitzuen. Poliziakideei bizkarra emateko hautua egin zuten pankarta zeramatenek eta jendeari esertzeko gonbita egin zioten. Bien bitartean, hamar bat lagun Malkasko auzoan bertan zegoen hondeamakinara kateatu ziren.

Eserialdiak iraun zuen bitartean oihuek ez zuten etenik izan. EAJ jomugan izan zuten, hari «txikitzaile» esanez. Era berean, Amalurra defendatzeko deia egin zuten. Antolatzaileetako batek hitza hartu, eta obrak «ilunkeria eta irregulartasun» bete-betean hasi dituztela gogor salatu zuen. Bi mila herritarrek aurkezturiko alegazioei erantzunik eman gabe abiarazi dituztela gogorarazi, eta gaitzetsi zuen lurjabeei, bai zundaketa lanean, bai desjabetzeei dagokionez, «xantaia eta presioa» egin izana. Ordizia eta Itsasondo lotu nahi dituen 2.800 metroko tunelarekin Mariaratz bailaran egingo den kaltea ere aipatu zuen, Ordiziako Udalaren eta Lakuaren kontra gogor hitz eginez.

Ordu erdiz iraun zuen eserialdiak, baina kateatutako hamar lagunak askatu bitartean hantxe eutsi zioten. Bidea mozten zuen polizia furgonetari ordea, Brigada Mugikorreko beste bi furgoneta eta beste hainbeste patruila eta ertzain patrol gehitu zitzaizkion. Jendea kanporatu ostean, kateatutako pertsonak askatzen eta identifikatzen hasi ziren, bortizki gainera. Horren lekuko, kateatuta zegoen gizon bati, 50 metroz herrestan eraman ondoren, buruan eragin zioten zauria, odoletan utziz. AHT Gelditu-k adierazitakoaren arabera, ez zen hori izan medikuen laguntza behar izan zuen bakarra.

Lanetarako sarbidean bezala, eraikuntza enpresek darabilten eraikineko teilatu gainera igotzea lortu zuten zazpi bat lagunek, eta bertan kateatu ziren. Gora begira, kateatuak zeuden besoak bakarrik ikus zitezkeen, baina ozen entzuten ziren AHT- ren aurkako oihuak. Ertzainek ordea, eraginkor jokatuz, prentsa bertatik kanporatu zuten horko irudirik heda ez zezaten.

Teilatuan kateatuta zegoenetako batek bi pankarta eskegi zituztela adierazi zion GARAri, baina obrako zinpeko zaintzaileek eta kalekoz jantzitako ertzainek horiek eta bestelako aldarrikapen tresnak ere kendu egin zizkietela azaldu zuen. Ordubete eta gero, Ertzaintzaren Brigada Mugikorra agertu eta «tenkadaka eta bultzaka» bota zituztela adierazi zuen. Kanporatzea gertatzen ari zela, mendiko bi aldeetatik jende andana bertaratzen, eta elkartasuna helarazten saiatu zen; batzuk gainera, inguruan zeuden hondeamakinetan kateatu ziren.

Ertzaintzak, orduan, patrolen laguntzarekin mendian barrena jendeari jarraitu zion, gomazko pilotak jaurtiz. Istiluen ondorioz, ertzainek gutxienez pertsona bat atxilotu, eta 25 inguru horma baten aurka atxiki eta identifikatu zituztela salatu zuen AHT Gelditu! Elkarlanak.

Obretarako martxaren ostean, Gelditour ekimen horretan, 150 lagunek bazkaria egin zuten Itsasondon. Era berean, datorren larunbatean ekimen ibiltari honen amaiera gisa, Donostian egingo den nazio manifestaziora joateko deia egin zuten.

Ordiziatik at ere, protestak

AHTren kontrako protestak ez dira Ordizian bakarrik egin asteburu honetan. Gaztesarea informazio agentziak zabaldutakoaren arabera, Durangon, Bilboko Bolueta auzoan eta Zornotzan ere ekimenak izan ziren. Lehen herrian, udaletxeko auto baten gurpilak zulatu eta margoa bota zioten gainetik, AHTren aurkako protesta batean parte hartzeagatik zazpi gazte durangarrei ezarritako zigorra salatzeko. Boluetan bestalde, EuskoTren-en geltokian pintadak egin zituzten, eta Zornotzan trena gelditu.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo