Maite Ubiria kazetaria
Bordeleko ardoa, Loireko gazteluak eta euskara
Frantziako Asanblada Nazionalak bere kasa erabaki du Konstituzioa aldatzea. Azalean liftinga, bihotzean ezer gutxi alda ez dezan. Legebiltzarrak ez du ukitu 2. artikulua, 1992az geroztik Errepublikaren hizkuntza frantsesa dela adierazten duena. Ez, noski. Lehenengo artikuluari egin dio itxurazko moldaketa. Hizkuntz gutxituak Frantziaren patrimonioa direla adierazteko. Bordeleko ardoa, Roquefort gasna, Canneseko zinemaldia, Loireko gazteluak edo paristarrek zapaltzen dituzten kale azpian pasatzen diren katakunbak pare-parean jarriz. Merci anitz.
Hizkuntza gutxituak iraganeko aztarna gisa ezaugarrituz, frantziar diputatuek argiki erakutsi dute zein asmo dituzten. Patoi guztiak, nekazarien hizkerak, Louvreko zaindarien eskutan uztea nahi lukete. Antzinako Egipton lapurtu zituzten momien gisara, bere baitan babestu, behin betiko diren tokian gera daitezen. Geldi eta mutu, gela itxi batean sarturik, ez haizeak ez eguzkiak jo ez diezaien.
Frantziaren ondarea. Mespretxatzen den ondarearen jabetza aldarrikatzeak ba al du arrazoirik? Esamolde horren bitartez hizkuntza horien hiztunak egunero-egunero gordetzea baino garatzen duten identitate propioa ukatzea dute xede? Munduko aldaketen beldur diren frantses petoek aliatu bila ari dira mendez mende Errepublikaren bide bazterrean bota dituzten «ilustratu gabeko» herritarren artean?
Hizkuntza gutxituek aitortza behar dute, ez erdipurdiko onespena. Hizkuntza gutxituen hiztunek berme juridikoa aldarrikatzen dute, ez legebiltzarkideen lore-jokoak.
Hizkuntza gutxituen aldeko ibilbidea herrian errotu da, betidanik, eta egungo egoera ikusirik, bertatik sortu beharko dira etorkizuneko ahaleginak. 53 saiakera egin eta gero, esaldi bakar bat besterik ez aldatzeko gai izan diren legebiltzarkideengandik ezin da aparteko ekarpenik espero. Finean, herritarren bultzadari esker lortuko da hizkuntzen garapena bermatuko duen markoa, ofizialtasuna. Guztion ondarea beste inoren patrimonio bilakatu aurretik, hobe.