GARA > Idatzia > Mendia

Mendi lasterketak Anboto Gara I. Kilometro Bertikala

Arrakastatsua hasi aurretik

Ekainaren 8an, Anboto Gara I. Kilometro Bertikala jokatuko da. Izena emateko epea lehenago itxi behar izan dute. 200 bat korrikalari izango dira; horien artean izen handikoak.

Andoni ARABAOLAZA | DONOSTIA

Euskal Herrian mendi lasterketen agerraldia ez da batere orekatua izan; izan ere, lehia horiek egundoko goraldia izan dute. Ia lasterketa guztiak formatu berean antolatzen dira; hots, iraupen luzea edo ertaina duten ibilbideak (oro har, maratoiak edo maratoi erdiak) prestatzen dira.

Baina mendi lasterketen munduan bada formatu horretatik kanpo dagoen beste bat: kilometro bertikala. Zorionez, Brinean mendi lasterketa elkarteak antolatuta eta Gara egunkariak babestua, Euskal Herrian formatu horretako lehenengo hitzordua izango dugu: I. Anbotoko Kilometro Bertikala. Ekainaren 8an jokatuko da eta, lehenengo aldia izateko, oihartzun handia izateaz gainera, arrakasta izaten ari da hasi aurretik. Zergatik diogun hori? Izena emateko epea apirilaren 21ean zabaldu eta dagoeneko itxita dagoelako. Berez, etzi itxi behar zen, baina antolatzaileek jarritako korrikalarien muga aldez aurretik bete da. Horrela, 200 bat korrikalari irtengo dira Anboto Gara I. Kilometro bertikalaren lehenengo ekitaldian.

Brinean elkartea izan da honen guztiaren «errudun» nagusia. Asier Korta taldeko ordezkariak adierazi digunez, 2006. urtean sortutako taldea da: «Igorren mendizale-korrikalari batzuen eskutik sortutako elkartea da. Geure helburu nagusia, beste herrialdeetan gertatzen den legez, mendi lasterketak Bizkaian bultzatzea da. Iaz, adibidez, Aramotz lasterketa antolatu genuen; aurtengo aldia, Euskadiko Kopan sartuta dago. Eta saltsa honetan ginela, Anbotoko ingurumarian kilometro bertikal bat atontzea otu zitzaigun, Euskal Herrian eredu bilakatu nahi duguna».

Bada, Brinean elkartearen eta Gara egunkariaren eskutik irteera puntuan izango diren 200 korrikalariek aukera ezin hobea izango dute lasterketa labur, leherkor eta oso ikusgarri bat «gozatzeko». Horiek dira kilometro bertikal baten ezaugarri nagusiak; bai, mendiaren oinarria eta tontorraren arteko ibilbide zuzenena bilatzen da denborarik laburrenean gainditzeko. Anbotokoan 3,8 kilometroko ibilbidean ia 1.100 metroko desnibela igotzen da.

Goi mailako korrikalariak

Brinean taldekoek ezin hobeto asmatu dute Anboto mendia (1.331 m) aukeratzean, kilometro bertikal batek eskatzen dituen ezaugarri guztiak baititu. Parte-hartzaileek dena eman beharko dute Anbotok dituen malda gogorrak (harkaitzez zipriztinduta) gainditzeko. Eta, ohi den legez, erlojuaren kontrako lasterketa izango da; erlojupeko horretan korrikalariak 30 segundoko tartearekin aterako dira. Lehenengo lasterkaria 10.00etan irtengo da Arrazolatik (Atxondo) eta helmuga (soilik igoera da) Anbotoko gutunontzian izango dute.

Atxondoko Arrazola auzoan (231 m) jarriko dute irteera puntua. Zabaletako norabidea hartu, Frailearen ertzaren eskuinaldera jo eta Arrazolako hilerritik datorren bidezidorrarekin bat egingo dute. Anbotoko tontor azpian zuzen abiatuko dira gora, Frailetik datorren ertza hartu eta zuzen-zuzen. Anbotoko gailurra izango da helmuga.

Inguru hau ezagutzen duten mendizaleek jakin badakite oso aproposa dela Anboto Gara I. Kilometro Bertikala ikusi ahal izateko. Inolako zalantzarik gabe, oso ibilbide egokia da ikusleentzat eta, hori dela-eta, Kortak jendea adoretu nahi du: «Iraupen luzeko mendi lasterketetan ez bezala, kilometro bertikalean aukera ezin hobea dago lasterketaren zati handi bat lasai asko ikusteko. Aldapa gogorrenak oinez egingo dituzte eta, beraz, korrikalariak minutu asko ikusteko aukera egongo da. Beraz, ikusle andana bertaratzea espero dugu. Hori bai, Anboto mendiari zor diogun errespetuarengatik, mesedez, zabor guztia etxera eraman ezazue».

Parte-hartzeari dagokionez, lasterkari herrikoiez gainera, elitekoak ere izango dira Anboto Gara I. Kilometro Bertikalean. Irteera puntuan honakook izango dira: Raul Garcia (Espainiako txapelduna), Corinne Favre (nazioarteko lasterkari indartsuenetakoa), Jessed Hernandez (5. Munduko Kopan), Mario Llorens (3. Espainiako Kopan)... Eta, jakina, euskal selekzioko ordezkari batzuk ez dute hutsik egingo: Zuhaitz Ezpeleta, Fernando Etxegarai, Alizia Romero, Oihana Azkorbebeitia...

Elitekoek pizgarririk ere izango dute; izan ere, lehenengo sailkatuak 40 minututan ezarrita dagoen errekorra gainditzen badu, 900 euro eramango ditu etxera. Beste ohiko sari batzuen artean, korrikalariei Ternua kamiseta tekniko bana oparituko zaie. Asko dira Anboto Gara I. Kilometro Bertikala itxaroten ari direnak. Ekainaren 8a gainean dugu.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo