GARA > Idatzia > Kultura

Getxo&Blues jaialdiaren XX. edizioan Robert Cray izango da izar nagusia

Getxoko XX. Nazioarteko Blues Jaialdia ekainaren 6tik 8ra bitartean ospatuko da, beste behin ere estilo anitzeko artista eta taldeak izango dira bertan. Robert Cray, Eugene «Hideaway» Bridges eta Shemekia Copeland daude, besteak beste, hitzordura etorriko diren izarren artean.

p049_f01_97x164.jpg

GARA | GETXO

Dagoeneko prest dago Getxok hartuko duen jaialdiko egitaraua. Hitzorduak, gainera, hogei urte beteko ditu aurten, eta iaz lortutako arrakasta aintzat hartuta, programa anitza iragarri dute berriz ere antolatzaileek.

Ekainaren 6an, Mr. Groovy and The Blue Heads taldeak izango du giroa berotzen hasteko ardura. Andaluziako banda zenbait herrialdetako musikarik osatzen dute eta, errepertorioan kanta klasikoak eta egungoak biltzen dituzte, taldekideek eginiko konposizioez gain.

Jaialdiaren lehenengo eguneko bigarren saioan Eugene Hideaway Bridges (Louisiana, AEB, 1963) abeslari eta gitarra-jotzaile birtuosoa arituko da Getxon. AEBetako hegoaldeko doinuen adierazlea, mundu osoko aretoetan aritzen da urtez urte eskaintzen dituen ehunka kontzertuetan.

Hurrengo egunean ere, ekainaren 7an, saio bikoitza egongo da. Lehenengoan, The Reverendos laukote bizkaitarraren doinuez gozatzeko parada izango da. Taldeak 1940ko eta 1950eko hamarkadetako bluesa jotzen du, Kaliforniako West Coast bluesa, rockabillya eta swinga ahaztu gabe.

Eguneko bigarren saioan irtengo da agertokira aurtengo edizioko izar nagusia: Robert Cray (1953, Columbus, Georgia, AEB), blues-soul estiloaren ordezkari nagusienetariko bat. Musikari zorrotz, arretatsu eta perfekzionista amorratua da Cray. Georgiako instrumentista eta abeslariak hainbat estilo lantzen ditu: bluesa, rocka, rhythm&bluesa eta soula, besteak beste. Bere jarduera hasi zuenetik, eskola zaharreko bluesetik aldendu eta berezko estiloa jorratu du. Hiru Grammy sari lortu ditu musikariak eta sei aldiz izendatu dute sari ospetsu horietan. Crayk etengabe landu du soula eta tradizioak ezarritako mugak gainditu ditu behin eta berriro, bide berriekin esperimentatzeko eta berezko estiloa lortze aldera.

Azkenik, ekainaren 8an, Shemekia Copelandek itxiko du jaialdia. 2002an aritu zen Getxon lehenengo aldiz New Yorkeko Harlem auzoan jaiotako artista. Copelandi etorkizun oparoa iragarri zitzaion eta, gaur egun, ospea errealitate bilakatu da. 1998an, 18 urte zituela, grabatu zuen bere lehenengo diskoa eta Koko Taylorren mailako abeslari handien oinordekoa omen da. Copelandek erraz garatzen ditu hainbat ahots-erregistro eta, nahiz eta gaztea izan, egungo bluesaren eszenako goiko lekuetan kokatu da.

Sarrerak, doan

Kontzertuak beste behin ere Erromoko Santa Eugenia plazan izango dira, 21.30ean hasita; azken eguneko saioa izan ezik, 20.30ean hasiko da-eta azken hori.

Ohi bezala, aurtengo emanaldietarako sarrera ere doakoa izango da, antolatzaileek atzoko prentsaurrekoan iragarri zutenez.

Agerraldian, bestalde, iazko edizioan Getxoko Nazioarteko Blues Jaialdiko protagonista nagusia Chicagoko Buddy Guy maisua izan zela gogorarazi zuten. Ohiko agertokira, Erromo auzoko plazara, 9.500 lagun bertaratu ziren hitzorduan.

THE REVERENDOS

Jaialdian Euskal Herriko talderik ere ez da faltako. Hilaren 7an, The Reverendos laukote bizkaitarrak eskainiko du kontzertua. Taldea 1940ko eta 1950eko hamarkadetako musikari afroamerikarrak omentzeko xedez sortu zen, garaiko bluesa berreskuratuz.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo