GARA > Idatzia > Pilota

Berezkoak

Paxkal Ezkurra ez da osatu, eta Andde Kurutxarik beteko du haren lekua gaur hasiko den Garindaineko Torneoan

Jon LEUNDA | MAULE

Paxkal Ezkurraren hutsunea izango da gaur abiatuko den Garindaineko Torneoko berririk aipagarriena eta tristeena. Urruñako atzelaria lehiaketa hau jokatzekotan zen Larretxearekin bikoa osatuz, baina Binakako finalean eskuan min hartu zuen, eta oraindik ez dago jokatzeko moduan. Andde Kururutxarik beteko du haren lekua.

Bestela, egungo pilotaririk onenak izango dira Zuberoako herri txiki honetan, izan ere, herrialdeko torneorik garrantzitsuena bihurtu da Garindainekoa. Torneoa azkar joango da, gaur abiatu, eta larunbatean emango baitzaio amaiera

Gaur, 20.00etatik aurrera lehen finalerdia jokatuko dute, eta bertan izango dira Larretxea-Kurutxari eta Etxeberri-Waltari aurrez aurre. Partida honetan egoera bitxiak ere izango dira, izan ere, pasa den ostiralean Angelun amaitu zen Torneoan Kurutxari eta Etxeberri bikote izan baitziren, eta finala ere jokatu zuten. Atzelaria, gainera, Olivier Larretxea lagun duela arituko da, hau da, Angeluko Torneoko finalean aurkari izan zuenarekin. Partida oso erakargarria da, izan ere, Etxeberri ere oso sasoi onean baitago. Waltari izango du lagun, baina kubatarra berriro ere gibeletik ariko da, eta atzean jokatzen duenean ez du aurrean jokatzen duenean bezalako mailarik ematen.

Bihar, 20.00etatik aurrera, bigarren finalerdia jokatuko dute, eta hau ere oso partida erakargarria da, bertan izango baitira Ibarrola eta Ozafrain, egungo Binakako txapeldunak. Aurrean, berriz, Sorhuet eta Etxeto izango dituzte. Lehia estua iragarri dute hor ere, baina dirua txapeldunen alde aterako da. Bi finalerdietako irabazleek, finala heldu den larunbatean jokatuko dute, 18.00etatik aitzina.

Armendaritze

Bestetik ekainaren 8tik aurrera Armendaritzen jokatuko den lehiaketaren berri ere eman zuten atzo. Ezusterik ez baldin bada, han itzuliko da berriro ere kantxetara Paxkal Ezkurra. Torneo horretan Harizmendi Aspeko pilotaria ere izango da. Angelun izan berri da, eta han itxura ona eman zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo