GARA > Idatzia > Mundua

Pinocheten garaiko 98 errepresiogileren kontrako auzia jarri dute abian Txilen

Txileko Víctor Montiglio epaileak Augusto Pinocheten Polizia sekretuko, Armadako eta Aireko Indarreko 98 kide auzipetu eta atxilotzeko agindua eman du 119 pertsonen heriotza eta desagerpenagatik. Orain arte izandako errepresioaren kontrako prozesurik handiena da.

GARA |

Ezkutuko espetxeetan preso zituztenen heriotza edo desagerpena estaltzeko Txileko diktadurak muntai mediatikoa ipini zuen martxan 1975ean «Colombo operazioa» zeritzona. 119 pertsona, gehienak MIR-eko militanteak, desagerrarazi zituen Augusto Pinocheten Polizia sekretuak, DINAk hain zuzen ere.

Astelehenean,Víctor Montiglio epaileak 98 polizia, militar, «heriotzaren eskuadroi»etako partaide, eta jada erretiratutako Aireko Indarreko nahiz Armadako kide eta horien guztien zenbait kolaboratzaile auzipetu zituen. Horien artean, DINAko buruzagiak daude -Manuel Contreras jeneral ohia, Miguel Krassnoff Martchenko erretirodun brigadierra eta Marcelo Moren Brito koronela dagoeneko kartzelan daude giza eskubideak bortxatu izanagatik-. Gainerakoei atzo eta gaur artean emango diete auzipetze eta atxiloketa aginduaren berri.

2005ean Montigliok Pinochet auzi honengatik auzipetu zuen. Baina, urtebetera hil egin zen 91 urte zituela. Bere aurka salaketa ugari zituen arren, ez zuten sekula ere epaitu.

«Colombo operazioa»-ren barruan, DINAk berak bultzatutako «Lea» aldizkari argentinarrak «muturreko 60 txiletar Kolonbia, Venezuela, Mexiko, Panama eta Estatu frantsesean beren burkideek hil» zituztela adierazi zuen. Ale bakarra argitaratu zuen agerkari horrek. Egun batzuetara, Brasileko «O´Día»-k 59 pertsonen zerrenda atera zuen. Argentinako poliziarekin Salta probintzian ustez izandako liskarretan hil zituztela esan zuen. Txileko «La Nacion» egunkari ofizialak informazio horiek sostengatu zituen. Gerora guztiz faltsuak zirela jakin zen. 119 militanteren kontrako jazarpena, tortura eta desagerpena ezkutatzeko sortu zituzten.

víctor jara

Víctor Jararen senideek haren heriotzaren erantzuleak nortzuk izan ziren jakiteko ikerketa berriro zabal dezatela exijitu dute. Astelehenean, 300 lagun inguruk elkarretaratzea egin zuten Santiagon.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo