GARA > Idatzia > Editoriala

«Apartheid» aldaketa politikoaren aurka

Urtebete da zenbait indar politikoren ilegalizazioaren ondorioz Hego Euskal Herriko udal eta foru erakundeetan herritarren ordezkaritza indarrez murriztuta geratu zenetik. Urtebete, atzoko egunez, bigarren aldiz apartheid politikoa ezarri zutenetik eta, beraz, bost urte Hego Euskal Herriko sektore zabal bati erakunde horietan nahi dituen ordezkariak hautatzea lehen aldiz galarazi ziotenetik. Horiek horrela, egoera horrek ekarri zuen gabezia demokratikoa udaletxeen aurrean salatzeko eguna izan zen atzokoa. Hala egin zuten ezker abertzalearen zerrendak baztertu zituzten udaletxeen aurrean.

Ezker abertzalea legez kanpo ezarri eta, ondorioz, instituzioetatik baztertzea aldaketa politikoaren kontrako apustua izan zen. Izan ere, esparru horrek egungo marko politikoa aldatzea du xede, eta indarrean dagoen markoa aldaketa politikorik ez izateko bermea da. Euskal Herriaren zatiketa administratiboari eusteko, erabakiak Madrilen hartzeko, Nafarroan aspaldi ez dela argi eta garbi gertatu zen bezala. Nolanahi ere, apustu horrek, estalki juridikoa jarrita ere, badu bere kostua demokraziaren ikuspuntutik. Izan ere, herritarrak kaltetu ditu lehenik, batez ere, beren oinarrizko eskubide bat urratua dutenak; baina baita instituzioak eurak ere, pobretuta, haien izaera demokratikoari dagokionez, eta deslegitimatuta geratu baitira. Horren erakusgarri argia Ondarroa da, non kalte ekonomikoa ere nabarmena den, hainbat bizilagunek, oinarrizko eskubideak kenduta, uko egin baitiote zergak ordaintzeari.

Zenbaiten ustez, ordea, onurak baino ez dakartza egoera horrek; bazterkeria politikoarekin bat etorri edo hura sustatu dutenen ustez, jakina, eta hitzez salatu baina haren ondorioez baliatu direnen ustez, hainbat udaletan herritarren bozen arabera ez dagozkien karguez jabetu direlako. Horiek guztiek balioespen positiboa egiteko motiborik badute beharbada; nekez, ordea, demokrazia hizpide dutela.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo