GARA > Idatzia > Kolaborazioak

Fran Balda Araña Hautetsi Independentista, Mankomunitateko Iraunkorreko kidea

Sakanan NaBai parean

Euskal Herriak aldaketa sakona behar du ahotsa eta erabakia izan ditzagun, eskubide zibil eta politikodun euskal herritarrak izan gaitezen, oinarrizko askatasun demokratikoak guztiontzat izan daitezen...

Azken udal hauteskundeetatik urtebete pasa denean, gurean behintzat balantzetxo bat egiteko garaia dela uste dugu. Azken urteetako hauteskundeak Alderdien Lege antidemokratikoak kutsatutakoak izan dira. Hori izan behar litzateke edozein balantzeren oinarria. Abiatu, egoera ez-demokratiko batetik abiatzen baikara, salbuespen egoera batetik, eta horrek ondorengo emaitzak, ekintzak, jarrerak... blaitzen ditu goitik behera.

Sakanan boz gehien bildu zuen aukera politikoa EAE-ANV izan zen 2007ko maiatzaren 27an egin ziren udal hauteskundeetan. Bigarren indarra NaBai izan zen, bozen %16 gutxiagorekin. Gure bailarako hiru herritan gure zerrendak legez kanpo utzi zituen injustizia espainiarrak, Etxarrin, Bakaikun eta Ziordian. Gure bailaran 11 eserleku ezin izan ditugu bete NaBai-k 182.2 artikulua aplikatu nahi ez duelako.

Sakanan bere burua abertzale eta aurrerakoitzat duen indar politikoak ez du herri borondatea errespetatzen.

Are gehiago, Mankomunitateko ardura beraien esku egonda, Sakanako lehen indar politikoa baztertzen saiatzen dira sistematikoki, PSOE alderdiarekin eta UPNren inguru politikoan dauden «independente» batzuekin adostasunetara iristea lehenetsiz.

Euskara Zerbitzuaren araudia goitik behera aldatu dute, euskalgintzako herri taldeei parte hartzea murriztuz eta erabakitzeko gaitasun osoa kenduz; euskara batzordearen bilera maiztasuna luzatu, bilerak erdaraz egiteko aukera zabaldu, Bai Euskarari dinamika bertan behera utzi... eta hori gutxi balitz, batzordean ardura politikoa duen eta azterketak prestatzeko irizpideen lanketan «aportatu» duen NaBaiko Etxarriko alkateak teknikari lanpostua «lortu» du, hori bai, azterketak gainditu ondoren. «Legalki».

Ikusten den bezala, lehen urte honetan behintzat, ez digute etsenplu onik eman Sakanan. Balantzean nota kaskarra jarri beharko diegu, tamalez.

Demokrazian, 0: gure eserlekuak hutsik. Trabak besterik ez gure eguneroko lan politiko-munizipala garatzeko Etxarrin, Bakaikun eta Ziordian: udaletxeko gelako giltzak kendu, gobernu batzordeak ezkutuan egin, informazioa ukatu, gure iritziak aktetan ez jaso...

Abertzaletasunean... zer esan eskualdeari begira hartutako lehendabiziko erabakia euskararen garapenari trabak jartzea denean? Beraien proposamenak PSOEren eta UPNren orbita politikoan daudenen adostasuna lortzera bideratuta daudenean, lehentasunez? Urtebetean ez dutenean naziotasuna, hizkuntza, edo eta egunero, herri bezala, jasotzen ditugun erasoen aurrean protesta ekintza bat bera ere egin edo bulkatu? Suspensoa!

Etika politikoa... mankomunitateko batzar eratzailean plangintzarik ez dutela onartu eta hurrengo proposamena mankomunitate buruaren liberazioa proposatzen duten hautetsiengandik, kargu politikoa duen instituzioan bertan lanpostua «lortzen» duen hautetsiarengandik zer espero dezakegu? Etika politikoan ere... Kalabaza!

Hau da parean duguna. Eta parean jarraituko dugu. Orain arte ez baitigute arrazoirik eman paretik aldamenera pasatzeko.

Orokorrean, Sakanan, NaBai-n nagusitu den jarrera harrokeria eta egungo marko juridikoaren errespetua izan dira. Ez dute zalantzan jarri Euskal Herrian bizi dugun salbuespen egoera, askatasun eza, inposizio sistematikoa, jazarpen politiko, juridiko eta poliziala, ilegalizazioak eta putxerazoak... Ezin omen dute ezer egin. Egonean egoteko prest daude, eroso sentituko dira. Zergatik ote?

Euskal Herriak aldaketa sakona behar du herritar gehienen onerako, ahotsa eta erabakia izan ditzagun, eskubide zibil eta politikodun euskal herritarrak izan gaitezen, oinarrizko askatasun demokratikoak guztiontzat izan daitezen... Gu horretan ari gara buru-belarri, ilegalizazio, kartzela, zigor eta debekuen gainetik. Herriz herri, eraikitzen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo