Kultur Errota zirkuituak ekitaldi berezi batekin ospatuko du Eibarren hamargarren urteurrena
Kultur Errota zirkuituak 1.500. emanaldia eskainiko du gaur Eibarren. Euskara Elkarteen Topaguneak ikuskizun berezia prestatu du data gogoangarri hori ospatzeko. Ander Lipusek egingo ditu zeremonialari lanak.
Izaskun LABEAGA | BILBO
Euskarazko kultur sorkuntza sustatu eta ezagutarazteko helburuarekin abiarazi zuten zirkuitua 1998. urtean. Gaur arte ia 1.500 ekitaldi antolatu dituzte Euskal Herriko geografia osoan barrena. «Harrobi lan garrantzitsua egin dela uste dugu», nabarmendu zuen atzo Manuel Moreno Topaguneko ordezkariak Eibarren izango den egitarau bereziaren aurkezpenean.
Euskaraz kalitatezko eskaintza egin daitekeela frogatu nahi zuten eta hala egin dute, emaitzek erakutsi dutenez. Gainera, hizkuntza horretan lan egiten duten artisten lana bultzatu dute, hauei plazak eskainiz.
Formatu txikiko ikuskizunen alde egin dute proiektuaren eragileek, espazio txiki eta aurrekontu murritzetara egokitzekoak. Adin guztietarako proposamen anitza zabaldu dute, eta euskaraz: antzerkia, musika, haurrentzako ikuskizunak, literatura, diaporamak...
Federazioaren bazkide diren euskara elkarteen lana errazteko sortu zen duela hamarkada bat zirkuitu hau. Urtean birritan 120 ikuskizunez osatutako katalogoa eskaintzen diete erakunde horiei, bakoitzak bere herrian egokien jotzen duen programazioa antola dezan.
Elgoibarren izan zen Kultur Errotaren lehen emanaldia, 1998ko azaroaren 13an. Urte hartan hogeita sei emanaldi zuten zirkuituan parte hartu zuten hamaika elkarteek. Pixkanaka-pixkanaka hazi egin da eta egun 50 euskara taldek parte hartzen dute antolakuntzan, guztien artean urtean 200 emanaldi eskainiz.
Gaur egingo dute Eibarren 1.500. ekitaldia. Topaguneak ikuskizun berezi bat gura zuen eta Ander Lipus zuzendari eta aktoreari ikuskizun berezi bat prestatzeko eskatu zioten. Antzerkiola Imaginarioa taldeko zuzendaria hasiera-hasieratik jardun da Kultur Errotaren barruan. Ezusteko ekintza bat izango da, Kultur Errotaren ezaugarriak islatu, eta antzerkia, musika eta literatura uztartuko dituena. Ander Lipusek egingo ditu zeremonialariarenak eta berarekin batera Gikitxaro antzerki taldea, Asier Serrano eta Kokein igoko dira antzeztokira. Eibarko Portalea Kultur Etxean jarri dute hitzordua.
Euskara Elkarteen Federazioa 1997. urteaz geroztik ari da lanean. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 88 euskara elkartek osatzen dute. Aurten 197.000 euroko aurrekontua erabiliko dute egitasmo hau aurrera eramateko.
1.500. ekitaldia Eibarren egingo dute gaur. Ander Lipusi egokitu zaio zeremonialari lanak egitea eta, berarekin batera, Gikitxaro antzerki taldea, Asier Serrano eta Kokein igoko dira antzeztokira. Portalea kultur etxean jarri dute hitzordua.
Data: Maiatzaren 29a.
Artistak: Ander Lipus, Gilkitxaro, Kokein, Asier Serrano.
Sarrera: Doakoa.
Ordua: 19:00.
Tokia: Eibarko Portalea.