«Diskurtsoa azkar eta egoki antolatzeko» ikastaroa izango da udan Donostian
Rebeka CALVO | DONOSTIA
«Denbora jakinean egin beharreko jendaurreko sormen lana: arrakastaren gakoak» da Euskal Herriko Unibertsiteak eta Bertsozale Elkarteak abuztuaren 28an eta 29an eskainiko duten ikastaroaren izenburua.
Labur esanda, jendaurrean «diskurtsoa azkar eta egoki antolatzea» du xede eta horretarako gurean horretan ongi trebatuak dauden hainbat bertsolari izango dira hizlariak: Amaia Agirre, Jon Martin eta Andoni Egaña. Jendaurrekora aski ohituak dauden Joxerra Garziak eta Kike Amonarrizek ere emango dituzte eskolak.
Ardatza komunikazioa lantzea izanda, Joxerra Garziak gizartean zabalduta dauden «bi uste oker xamar» hartu zituen abiapuntu. «Jendaurreko sormen lanean batzuren ustez sormena berezkoa dela eta inprobisazioari begira, aurre lanketarik ez dela behar uste dute askok», esan zuen.
Garziak abuztuaren 28an eskainiko duen «Arrakasta komunikatiboa: zergatik gauza batzuk funtzionatzen duten» izeneko eskolan horixe azalduko du; hau da, «sormena aurrelana» dela. «Sormena landu nahi duenak bere memoria kargatu behar du, baina ez modu anarkikoan, memoriaren edukiak antolatzen jakin behar da», azaldu zuen. Bigarren zatiari, inprobisazioari, erreparatuta aipatu aurreko lan hori «ondo eginda» dagoenean bakarrik bete daitekeela agertu zuen. «Aurrelana eginda joan daiteke jendaurrera eta zenbait elementu berri sartu. Inprobisatzeko aldamioak behar dira», esan zuen.
Egaña eta denbora
Andoni Egañak abuztuaren 29an eskainiko du bere eskola: «Denbora arazoa denean». Izan ere, bertsolariak denbora mugan beren aldera egiten daude ohituak eta jendaurrean arin ibiltzeko zenbait gako emango ditu. «Orain 25 bat urte performanceak ikusten hasi ginenean arrotza egiten zitzaigun, baina funtsean guk urteetan egin izan dugun zerbait da; aldi berean sortu eta publikatu», esan zuen.
Horiek horrela, Egaña eta Garziarekin batera Amaia Agirre (abuztuak 28), Kike Amonarriz (29) eta Jon Martin (29) ariko dira. «Mugak askatzaile?» izeneko hitzaldia ere izango da, baina gidaria zein izango den ez dute argi oraindik.
Bigarren eguneko hitzaldien ostean bertso bazkaria ere izango da, hori bai, «bertsotan egin behar ez den bertso bazkaria» izango da.
Lekua: Miramar jauregia (Mirakontxa pasealekua, 48).
Data: abuztuak 28 eta 19. Antolatzaileak: EHU eta Bertsozale Elkartea.
Matrikula epea eta salneurria: Maiatzaren 31a arte 50 euro eta ekainaren 1etik aurrera 60 euro.