Disko Berriak Aritz Sound System
Afrikako harien edertasuna
Zer da Maroko, Mali eta Madagaskarko hiru musikari elkartzen dituena? Musikarekiko maitasuna, jakina, eta hariz osatutako afrikar instrumentu bereziekiko lotura. Gure artean, instrumentu gutxi batzuk ezagutzen badira ere, ia munduko kultura bakoitzak bere instrumentu propioak ditu (kultura horren historiarekin lotura estua dutenak).
Musika eta instrumentu horien bidez kultura horiek hobeto ezagutzeko aitzakia dugu. Rajery Madagaskarko musikaria da eta valiha izeneko harizko instrumentu bitxia jotzen du. Banbuz osatutako tutua da eta harpa luze baten itxura du. Instrumentu honek jatorria Indonesian du (Madagaskarko lehenengo biztanleak Indonesiatik iritsi omen ziren uhartera eta geroago joan eta elkartu omen ziren bertakoekin Afrika ekialdeko biztanleak). Driss El Maloumi berbere jatorriko marokoar musikaria da eta laut arabiarraren maisua da. Ipar Afrikako etnia nagusia dira berbereak. Izena latineko barbacus-etik dator, atzerritarra. Greko-erromatarrek era honetan izendatu zituzten ipar Afrikako bertako biztanleak. Jatorrizko izena ordea amazig da (gizon askea). Azkenik, Ballake Sissoko Gambian jaiotako griota da (Malin bizi da) eta kora instrumentua jotzen du. Griotek ahozkotasunaren bidez idazten eta irakurtzen ez zekiten herri askoren kulturak mantendu dituzte mendeetan zehar. Diskoan hiru instrumentuen edertasuna, goxotasuna eta lasaitasun giroa islatu dute.