Beltza beltzaren gainean, The Black Halos eta The Fuzztones HellDoradon
A. B. | BILBO
Etzi, larunbatez, The Black Halos taldeak meza beltza ospatuko du Gasteizko HellDorado aretoan. Laugarren lan luzea ekarriko dute kanadarrek, «We are not alone» (History Music Recordings), Jack Endino ekoizlearekin grabatu eta joan den otsailean argitaratua. Jack Endino ospetsua Nirvana edo Soundgarden talde arrakastatsuekin lan egindako ekoizlea da eta aurretik ere The Black Halos taldearen diskoetan lan egindakoa da.
Duela hamahiru urte inguru Vancouver hirian jaiotako glam punk taldea da Black Halos eta Adam Vecvare (teklatua, gitarra eta kantuen egilea), Denyss McKnight (baxua), Rob Zgaljic (bateria) eta Billy Hopeless (garrasiak eta txistua) ditu kide. Oraintsu, Jay Millete gitarra-jotzaileak taldea utzi du eta Johnny Stewartek bete du bere lekua.
Sub Pop eta Century Media disko etxeetan hiru lan plazaratu ostean, History Music disko etxea sortu dute orain Danny Cameo managerrarekin batera laugarren lana argitara emateko. Zuzenean, bortitzak eta azkarrak, lizunak eta gartsuak dira eta Social Distorsion edo Offspring bezalako taldeekin jo izan dute.
Gaua bero-bero jartzeko, Black Lagun-ek joko du Black Halosen aurretik. Western-punka euskaraz lantzen duen talde nafarra Mermaid zenaren bi herenek osatuta dago eta musika beltza dute eredu. Beraien esanetan, «Zumalakarregi, James Browes Brown, Ennio Morricone, Tomita eta Gun Club-en» eragina dute.
Atseden txiki baten ostean, ekainaren 3an, asteazkenez, HellDorado sutan jarriko dute berriro New Yorkeko The Fuzztones eta Bilboko Capsula taldeek.
Sonics taldeari begira
Hogeita zortzi urte daramatza oholtza gainean The Fuzztones talde ilunak. The Sonics-en garage kantuen berrirakurketak eginez ekin zioten musika ibilbideari, eta «Horny as Hell» aurkezten ari dira gaur egun.
Garage musikaren mito, 1981ean New York hirian sortu zuen taldea Rudi Protrudi gitarra-jotzaile eta abeslariak Deb O´Nair-ekin batera. Europako areto txiki gehienak zapalduak dituzte harrezkero. Makina bat bider berrantolatua, egun Rudi Protrudirekin batera Jordan Tarlow (gitarra nagusia), John Speediejohn Carlucci (baxua), Jason Savall (ahotsa eta organoa) eta Mike Mad Czekaj (bateria) musikariek osatuta dago 1964an sortutako fuzz gitarra-pedalaren izena darman taldea.
Beraiekin batera, Capsula argentinar-bilbotar taldeak Discos Liliput disko etxean plazaratutako lan berria, «Songs & Circuits», aurkeztuko du hirukotean.
Bandas: The Sonics + The Meows + Los Chicos + Dj Indio.
Fecha: Sábado, 31 de mayo.
Lugar: Santana 27 (Bilbo).
Hora: 21.00 h. Precio: 28 euros.
Taldeak: The Black Halos + Black Lagun. Ostirala 30, 22.00etan.
Taldeak: The Fuzztones + Capsula. Asteazkena 4, 22.00etan.
Lekua: HellDorado aretoa (Gasteiz).