GARA > Idatzia > Euskal Herria

14 ikaslek deklaratuko dute gaur desordena publikoa egotzita

Iragan urtarrilaren 30ean Bolognako prozesuaren kontrako protesta egin zuten ikasleek EHUko Leioako campusean egin zen Klaustroan. Ertzaintzak eta segurtasun indarrek eraikinetik kolpeka atera ondoren, 14 gazte identifikatu zituzten eta gaur bertan Bizkaiko Auzitegian deklaratu beharko dute desordena publikoa egin izana egotzita.

p017_f02_250x116.jpg

Manex ALTUNA |

Goizeko hamarretan hasiko dira deklaratzen Bizkaiko Auzitegian joan den urtarrilaren 30ean Leioako Campusean Polizia autonomikoak identifikatu zituen 14 gazteak. Egun hartan, Bolognako prozesua indarrean jartzearen eta arau hauste eta diziplina zigorren zerrenda proposamenaren kontra protesta egin zuten hainbat ikaslek Klaustroan. Kolpeka atera zituzten aretotik eta kanpoan elkarretaratzea egiten ari zen ikasle taldearen aurka ere oldartu ziren ertzainak eta segurtasun agenteak.

Ikasleek adierazi zutenez, gertakari horiengatik iragan astean 6 pertsonak jaso zuten epaitegira joateko agindua, baina atzo egindako agerraldian azkenean deklaratzera deitutakoak 14 izan direla azaldu zuten.

Kazetari eta klaustroko kideak

Auzipetuen artean Gaztesarea informazio agentziako bi kazetari eta klaustroan ikasleen ordezkariak direnak ere badira. Alde horretatik, unibertsitateko agintariek ikasleen «ahotsa» isilarazi nahi dutela salatu zuten.

Desordena publikoak egitea egotzi diete gazteei eta errudun joz gero, sei hilabetetik hiru urtera arteko espetxe zigorra ezarriko diete.

Joan den astean errektoretzan gertatutako istiluen inguruan eta EHUko hauteskunde egunean izandako poliziaren presentzia itogarriaz ere mintzatu ziren ikasleak. Atxilotu zituzten hiru ikasleek egin zituzten adierazpenak eta azaldu zutenez, maiatzaren 20an egin zuten manifestazioaren helburua «errektoreari eskutitz bat ematea zen, baina eraikineko atera hurbiltzean UPVk kontrataturik duen segurtasun pribatuko zinpeko zaintzaileek aurpegiak estalirik eta borrak eskuan zituztela hartu gintuzten».

«Errektoreari gure nahia helarazteko genuen asmo irmoaren aurrean ikasleok kolpatu gintuzten eskura zuten guztiarekin: borrak, zakarrontziak, mahaiak, eserlekuak... UPVk ikasleon hitza zapaltzeko eginiko ahalegin honek hiru atxiloketa eta hogei bat ikasle zauritu izan zituen ondorio», salatu zuten ikasleek. Gainera, Ertzaintzak hauteskunde eguneko goizean egindako manifestazioa geldiarazi zuela eta bost pertsona identifikatu zituela ere gogorarazi zuten.

Hori dela eta, UPVk joan den astean Leioako campusa «poliziaren eremu» bilakatu zuela adierazi zuten. Segurtasun agenteak eta ertzainak ikasleak «beldurtzen» ibili zirela esan zuten «pentsamendu askearen eta kritikotasunaren esparru behar lukeen unibertsitatean». Alde horretatik, Juan Ignacio Pérez errektoreak hauteskunde kanpaina aurrera eramateko eta ikasleen protestak zapaltzeko bizkartzain eta guardia pribatuak nahierara erabili zituela kritikatu zuten.

Hainbat komunikabideren «presentzia itogarria» eta «manipulazio mediatikoa» salatu zuten: «Ikasleoi buruz komunikabideek esandako gezurrek Pérezen kanpaina osatzea eta ikasleon borroka kriminalizatzea zuten helburu».

Poliziaren EREMU

Joan den astean, UPVk Leioako campusa «poliziaren eremu» bilakatu zuela salatu zuten atzo ikasleek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo