GARA > Idatzia > Euskal Herria

UEUk 35 ikastaro eskainiko ditu Eibarren, Baionan eta Iruñean

Hogeita hamaseigarren urtez, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) euskaldunentzako ikastaldiak antolatuko ditu. Aurtengo leloa «Udako menua» izango da eta bertan ikasleek hiru azpiataletan banatutako 35 ikastaroren artean gustukoena aukeratzeko parada izango dute. Ikastaroak Eibarren, Baionan eta Iruñean emango dituzte uztailean zehar, eta UEUko arduradunek «zapore eta gustu guztientzako moduko ikastaroak» izango direla iragarri dute.

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

Urtero bezala, UEUk aurten ere euskaldunentzako udako ikastaroak prestatu ditu, guztira 35: horietatik 12 Eibarren, 12 Baionan eta 11 Iruñean. Eibarren, UEUren egoitzan emango dituzte ekainaren 30etik uztailaren 11ra arte; Baionan, Apez Etxean 14tik 18ra; eta bukatzeko, Iruñean, bertako Hizkuntza Eskolan, uztailaren 21etik 25era arte.

UEUko zuzendari Lore Erriondo, Irati Iciar udako ikastaroen arduraduna, eta Edurne Koch UEUko Nafarroako arduraduna izan ziren atzo Iruñean, eta ikastaroak hiru azpiataletan sailkatuta egongo direla iragarri zuten, «Delicatessen», «Eguneko menua» eta «Mens sana in corpore sano» deitu dituztenak.

«Gure helburua urtetik urtera gai berriak jorratzea da, orijinalak izan nahi dugu. Gure eginbeharretako bat egunerokotasunarekin lotuak dauden gaiak eta kalitatezko ikastaroak ematea dela uste dugu, eta aurtengo programak hori arras ongi bermatzen du», nabarmendu zuen Iciarrek. Era horretan, «Delicatessen» izendaturiko ikastaroak «lanketa berezia eskatzen duten platerak» direla azaldu zuen, «Eguneko menua» osatzen dutenak «interes orokorrekoak» eta «Mens sana in corpore sano» azpiatalekoak «garapen pertsonalarekin lotutakoak».

Ikastaldiaren arduradunak aipatu zuenez, ikastaro horiek «gizartearen beharrei erantzuteko» eratutakoak izanik, behar horiek aldatuz doazen heinean, ikastaroak ere «bere filosofia egokituz joan dira». «Aurtengoan ere kalitatezko osagaiak erabili ditugu programa osatzeko, norberak plater hauek konbinatzeko aukera izango du, bere neurriko dieta lortu eta era honetan neuronak elikatzeko».

Lanean urte osoan zehar

Kochek oroitarazi zuen, udako ikastaroez gain, azken sei urteotan taldeak urte osoan zehar herrialdeko errealitatera egokitutako bi eratako prestakuntza ere bideratzen duela. «Nafar euskaldun guztiei begirako ikastaroak antolatzen ditugu, eta horretaz gain, Nafarroako Gobernuaren bidez, bere irakasleriaren etengabeko prestakuntzarako programetan parte hartzen dugu ikastaroak diseinatuz eta eskainiz», adierazi zuen.

Hala, datorren ikasturteari begira, UEUk beste hainbat ikastaro eta jardunaldi antolatzea aurreikusi duela iragarri zuen. «Besteak beste, nafar ondarearen inguruan sortu den ika-mikaren gaineko jardunaldiak eta argazkigintza digitala, sendabelarrak eta nazioarteko politika mintzagai dituztenak aurrera eramatea espero dugu».

Erriondok, bestalde, azaldu zuen «etengabe aldatuz doan gizartearekin batera», UEU ere hazten eta ikasten ari dela, ikasleei «eskaintza oparoena eta gozoena bermatzeko asmoz». «Urteko jarduera sakontzeko eta aldatzeko, espezializatzeko eta adimena edo espiritua hazteko ikastaroak dira», zehaztu zuen.

Dirulaguntzak

Euskal Herriko hainbat udalek eta erakundek dirulaguntzak eskainiko dizkiete herritarrei. Adibidez, Bizkaiko Foru Aldundiak ikasle eta langabetuei matrikula osoa ordainduko die, eta donostiarrek ere matrikula doakoa izango dute.

izena emateko epea

Ikastaroetan izena emateko epea ekainaren 20an bukatuko da. Horretarako, bi bide izango dituzte eskura ikasleek: «www.ueu.org» webgunea, edo 934-821426 telefono zenbakia.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo