Igoerarako borroka
Martí: «Talderik sendoena garelako ari dira hona begira»
Erdilariak Málagak eta Sportingek bizi duten urduritasunari egotzi dio azken asteetan talde txuri-urdinari leporatu izana partidak erosi egin dituela
GARA | DONOSTIA
Nazkatzerainokoak izan dira Realak bere aurkariei gainsariak eskaintzen dizkiela leporatuz Málagatik eta Gijóndik azken asteetan iritsi diren salaketak. Inork frogarik aurkitu ez duen arren, jakina omen da maletinak batera eta bestera dabiltzala, eta txuri-urdinekiko aldeak murriztu diren eran, salaketak askoz gogorragoak izan dira eta talde gipuzkoarrak Pablo Sicilia atzelaria erosita zuela idaztera ere ausartu dira aurreko asteburuan. Kazetariak ez ezik, David Barral gisako jokalariek ere haizea eman diote zurrumurruari, baina Realeko jokalariak oso lasai daude eta gauzak ondo egiteagatik ordaindu beharreko bidesari bat bezala ikusten dituzte kontu hauek guztiak.
Kalitateaz gain, esperientzia da Pep Martík taldeari azken hilabeteetan eskaini diona eta beterano gisa, ez die jaramon handirik egin Gijóndik etorritako salaketei. «Erantzuteak ere ez du penarik merezi. Beraiek urduri daudelako esango zituzten halakoak. Ziurrenik azkenaldiko talderik sendoena gurea da, eta beldurrik handiena eragiten dien taldea. Sporting eta Málaga hona begira daude etengabe horregatik, baina guk ez dugu gure indarraren ale bakar bat ere alferrik galdu behar. Gu nahastu nahian izango dira, baina guk kirol arloari begiratu behar diogu», adierazi zuen Sevillak utzitako atzelariak.
«Málaga eta Sporting gure alderantzizko norabidean datoz, guk gorantz egin dugun bitartean, beraiek beherantz egin dute, puntuen aldea murriztu egin da eta badirudi beraien kezkak gureak baino askoz handiagoak direla nahiz eta beraiek izan abantaila», gaineratu zuen.
Jokoan asko duten taldeak dira Reala, Málaga eta Sporting eta horrexegatik presioak gora egingo du denboraldi amaiera hurbilduz doan heinean. Gauzak horren berdinduta egonda, urduritasuna kontrolatzen asmatzen duenak bidearen zati handi bat izango du egina. «Gauzak ondo egiten aritzea, hartu dugun konfiantza eta azken asteetako emaitzak lasai egoteko modukoak dira, baina partidak aurrera egin ahala presioak denori eragingo digu. Orain arte taldeak oso ondo eraman du hori eta horrela jarraituko dugulakoan nago».
Arlo pertsonalean, pozik
Taldea ondo aritzeaz gain, arlo pertsonalean ere oso ondo doazkio gauzak mallorcarrari eta dagoeneko zaleen jokalaririk kuttunenetako bat bihurtu da. Egindako lan onak beste taldeen interesa ere piztu omen du, baina Martík ez du horretan pentsatu nahi. «Badirudi astean zehar hamar izan direla beren taldean egotea nahi dutenak baina nik orain Salamancari irabaztean daukat burua eta igoera lortu ahal izatean, talde honek merezi duela uste dudalako».
Orain hiru aste izandako zuntz hausturatik erabat osatu gabe dagoenez -atzo ez zuen gainontzeko taldekideekin entrenatu- taldeak ez du helegiterik jarriko txartelengatik jarri dioten zigorrari eta azpeitiarrak ez du Salamancaren aurka jokatuko.
Taldeak atzo jakitera eman zuenez, Batzar Orokorrerako txostena, eskatu duten akziodunen eskura jarriko dute datorren astearen amaieran. Bertan «due diligence» delakoaren datuak eta Badiolaren agindupean egindako mugimenduak agertuko omen dira.