Umorea baliatuz haurren unibertsora salto egiteko hiru liburu kaleratu ditu Elkarrek
«Ez gara elkarrekin zahartuko» eta «Oskar eta andre arroxa» gutun bildumak dira. Joxantonio Ormazabalek, bestalde, aiton-amonei zuzendutako trilogia osatu du «Aitona eta amona udalekuetan» lanarekin.
Rebeka CALVO | DONOSTIA
Haurrei zuzendutako hiru liburu kaleratu berri ditu Elkar argitaletxeak. «Ez gara elkarrekin zahartuko» eta «Oskar eta andre arroxa» itzulpenak dira eta Xaguxar Bilduman sartu dituzte, hau da, 8 urtetik gorako umeei zuzendutako bilduman, eta «Aitona eta amona udalekuetan», berriz, 8 urtetik beherakoentzat zuzenduta dago (Kuku Saila).
Lehen biek badituzte, gainera, hainbat ezaugarri komun; biek ala biek haur batek idatziriko gutunak biltzen dituzte, ilustraziorik gabekoak dira -sail honetako ilustrazio gabeko lehen biak- eta frantseseko itzulpenak dira. Hiru lanetan, hala ere, umorea da nagusi Elkarreko Antxine Mendizabal editorearen hitzetan.
«Ez gara elkarrekin zahartuko» liburuaren egilea Arnaud Cathrine da eta Aiora Jakak itzuli du lana euskarara. Umore handiko liburua da, «bizia», Mendizabalen iritziz. Azken honek, gainera, itzulpen lana goraipatu zuen, izan ere, liburuan «helduena izan nahi duen haur hizkera» da nagusi, hain zuzen Aiora Jakak ongi islatu duen hizkera.
«Hortxe dago liburuaren xarma, hizkera berezi horretan, eta aldi berean, hau izan da itzultzerakoan izan dudan erronka nagusia», esan zuen Jakak.
Lehen maitemintzea
Liburuan gaztetxo batek idatziriko eskutitzak biltzen ditu. Sylvainek hamabi urte bete berri ditu eta lehen aldiz maitemindu da, «nerabezaroko krisia dela-eta eskutitz ugari idazten ditu; irakasle eta hezitzaileei, gurasoei, maiteari...», esan zuen Jakak. Liburuaren azala Antton Olariagak egin du.
Atzo aurkeztutako bigarren liburua «Oskar eta andre arroxa» da. Egilea Eric-Emmanuel Schmitt da eta Miren Artetxek itzuli du. Honakoan ere umorea da nagusi, nahiz eta gaia, berez, gogorra izan. Oskar da protagonista, leuzemiak jota ospitalean dagoen haurra.
Gidari eta zuzendari lanak egin dituen Joxantonio Ormazabalek, hala ere, Oskar eta arrosaz jantzitako erizaina protagonista dituen liburua positiboa dela esan zuen. Ormazabalek bi alderdi nabarmendu zituen; Oskar laguntzera joandako erizainak Jainkoari eskutitzak idazteko esaten diola, hain justu liburuan biltzen diren gutunak, eta lanari «bizitasuna» ematen diona; arrosaz jantzitako erizainak Oskarri amesteko esaten dio eta egun bat hamar urte direla irudikatzeko. Oskarrek Jainkoari idatzitako azken eskutitzak hauxe dio: «Ehun eta hamar urte ditut. Ez dira gutxi. Uste dut hiltzen hasi naizela». Bigarren liburu honen azala, «oso egokia» idazlearen hitzetan, Enrique Morentek egin du.
Azken liburua Joxantonio Ormazabalena da. Orain urte batzuk hasitako aiton-amonen trilogia osatu du «Aitona eta amona udalekuetan» liburuarekin -aurrekoak «Amona bizikletan» eta «Aitona parapentean» izan ziren-. Umorea eta ironia dira nagusi lanean egilearen hitzetan. Protagonista Libe da, udalekuetara joan nahi ez duen umea. Aiton-amonak, kezkatuta, bisitan joatea erabakitzen dute eta Tolosatik irten eta Abaigarrerako bidea hartzen dute.
«Baldarkeria» ugari biltzen dira liburuan eta trauskilkeria hauek guztiak ezin hobeto islatu ditu, Ormazabalen ustez liburuko marrazkiak egin dituenak, Jokin Mitxelenak. Alemanian bizi den marrazkilari oiartzuarrak indarra, bizitasuna eta kolorea eman dio lanari, aurreko bi lanetan bezala.
Liburuak: «Ez gara elkarrekin zahartuko», «Oskar eta andre arroxa» eta «Aitona eta amona udalekuetan».
Egileak: Arnaud Cathrine, Eric-Emmanuel Schmitt eta Joxantonio Ormazabal.
Argitaletxea: Elkar.
Sailak: Lehen biak Xaguxar Bilduma eta azkena, Kuku Saila.
Salneurriak: 9,20, 9,45 eta 8 euro.