GARA > Idatzia > Ikusmira

Euskal presoen egoeraren salaketa Bruselan

Etxerat euskal preso politikoen senideen elkarteko ordezkaritza bat Europako hainbat parlamentari eta juristekin bildu zen atzo Bruselan. Munduan zehar gertatzen diren giza eskubideen urraketen begirale omen den Europar Batasunak ez baitu bere barnean diren urraketen berri. Ezezaguna baita Euskal Herritik kanpo Madrilgo eta Parisko gobernuen espetxe politika euskal preso politikoei auzitegiek ezarritako zigorrari zigor osagarria ezartzean datzala, helburu politiko argia duena, haiek presionatzeko asmoz. Ezezaguna da espetxe politika horrek eskubide asko ukatzen dizkiela presoei eta haien senideei. Horren adierazle aipagarrienetako bat da presoen sakabanaketa, senide eta lagunekiko komunikazioa bermatu beharrean, oztopatu egiten baitu, galera ekonomiko ikaragarriak eragiteaz gain. Eta, askoz ere larriago, haren ondorio zuzena diren heriotzak dagoeneko ez dira bakanak. Hori, eta gaixotasun larriak dituzten presoak kartzelan atxikitzea edo zigorra beteta dituzten hainbati biziarteko zigorra ezarri izana dira politika horren alderdirik gordinena. Oinarrizko eskubideen urraketa asaldagarri hori salatzeko modukoa da, zalantzarik ez, Euskal Herrian eta Europan, eta guztiz ulergarria senideak Bruselaraino jotzea, EBn bertan giza eskubideen urraketak erraztu ez ezik planifikatu ere egiten dituzten estatuak badaudela guztiei agerian uzteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo