Lesakarrak haserre landazelaietako afera udalaren eta enpresen artean erabakitzearekin
Landazelaiak izeneko eremuan 340 etxebizitza eraikitzeko egitasmoak kezka handia sortu du lesakarren artean. Herrian geratzen den landa eremu bakarra da, eta etxebizitza kopurua ere handiegia da, herritarren eskaerak 140 baino gehiagokoa ez baita. Azken erabakia Udalak eta eraikuntza enpresa ezberdinek hartu beharrean, herritarren iritzia eta parte-hartzea kontuan hartzeko eskatzen dute Lesakan.
Jasone MITXELTORENA
Lesakan 340 etxebizitza eraikitzeko egitasmoak eztabaida piztu du herritarren artean, eta giroa pil-pilean dago egun hauetan. Egitasmoa erraldoia dela eta herriarentzat berebiziko aldaketa ekarriko lukeela iritzita, egitasmoaren gaineko erabakia lesakarrek hartu behar dutela adierazi diote Udalari. Aste honetan herriko dendariak bildu dira, 45 saltokiren jabeak, horientzat bereziki larria baita etxebizitzekin batera eraikuntza enpresak egin nahi duen merkataritza gunearen egitasmoa. Udalari bilera bat egitea eskatu diote, baina oraindik ez dute erantzunik jaso. Horregatik, idatziz errepikatuko dute eskaera. Horrez gain, plataforma bat osatzeko asmoa dute, merkataritza gune handien kontra eta Landazelaietan deus egin aitzinetik herritarren iritzia eta parte-hartzea aintzat hartzeko aldarrikatuz.
Landazelaietako egitasmoa ez da berria, baina moldaketak izan ditu gaur egungo tamainara ailegatu aitzinetik. Lesakako ezker abertzaleak hala salatu izan du, bai Udalean zegoenean, bai Udaletik kanpo ere. Udalak herritarren bizkar jokatzea ere gogor gaitzetsi du. Hori dela eta, informazioa banatu du herrian, kartelak jarriz eta batzar informatiboak antolatuz. Horrez gain, apirilean egitasmoa aurkeztu zenean, helegiteak egin zituzten, herritarren erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Asmo berarekin sinadura bilketa egin du, eta 250 herritarren sinadurak aurkeztu dituzte udaletxean. Udalak ez dio inolako erantzunik eman eskaera horri.
Udalak joan den astean gaiaren inguruko batzar berezi bat antolatzeko asmoa zuen, antza denez, interesatutako enpresarekin akordio bat adosteko, baina bertan behera geratu da batzar hori. Ezker abertzaleak emandako iritziaren arabera, herrian giroa nolakoa den ikusita, zaila da une honetan inolako erabakirik hartzea. Herritarren artean piztutako eztabaida horrek bestelako eraginak ere izan ditu. Onin udal-taldeak lehenbiziko aldiz batzar informatiboa eman zuen duela bi aste. Egitasmoaren aitzinean duen jarrera ezagutzera eman nahi izan zuen, etxebizitzez gain merkataritza gunea egitea gaitzesten duela jakinaraziz. Hala ere, 340 etxebizitza egitearekin ados dago; Onin izan da Lesakako Hirigintza arduraduna, eta egitasmoa orain arte babestu du.
Agerraldira 150 lesakar bildu ziren, herrian dagoen interesa agerian utziz, eta hitza herritarrei emateko eskatu zitzaion udal-talde horri. Udaletxearen izaera eta erabaki- tzeko gaitasuna nabarmendu nahi izan zituen Onin-ek, baina are indartsuago helarazi zitzaien euren parte-hartzea bermatzeko eskaera. Eztabaida eta hausnarketa egin arte erabakirik ez hartzea exijitzen dute.
Etorkizuna baldintzatuta
Egitasmoa Lesakako herrigunetik kanpo, betidanik baratze lurrak izan diren eremu-an egiteko asmoa dute. Ezker abertzaleak helarazitako txostenaren arabera, 1999. urtean onartutako hirigintza planean 60.900 metro karratu dituen eremuan 230 etxebizitza egitea onartu zen. Lur-jabeei Bellosta enpresak 17.000 pezeta (102 euro) ordaindu zien metroa, guztira 1.035.300.000 pezeta. (6.222.278 euro). Ondoren Aldabea enpresak erosi zituen, lur-metroa 35.000 pezetatan (210 euro), guztira 2.131.500.000 pezeta (12.810.573 euro). Aldabeak 110 etxebizitza gehiago egin ahal izateko «plan partzial» bat proposatu zuen. Txostenean ageri denez, Udalak 1.500.000 euro irabaziko lituzke «etxebizitza kopurua handitzeagatik». Azkenaldian Suquia enpresak erakutsi du egitasmoa hartzeko asmoa, baina Udalarekin akordioa sinatzea jarri du horretarako baldintza gisa. Aldabea, orain AISA taldea dena, kiebra jotzear da eta, beraz, presazkoa zaio egitasmoa saltzea.
Aurreikusi dituzten 340 etxebizitzetatik, 172 babes ofizialekoak izango dira; gainerako 168 berriz, libreak. Udaletxearen esku 43 etxebizitza baino ez dira izango (%10), bertzeak VINSArenak izango baitira. Horrela izanik, «Udalak 43 lesakarren beharrak bertzerik ez» dituela bermatuko salatu du ezker abertzaleak. Gainerako 297 etxebizitzak higiezinen merkatuan salduko lirateke, eroslea bertakoa izan edo ez kontuan hartu gabe.
Alde horretatik, Lesakako Udalaren inkesta oroitarazi dute: iaz egindako txostenaren arabera, 140 dira etxebizitza beharra duten lesakarrak. Lurren inguruan izandako salerosketetan «espekulazioa nagusi» izan dela ere ohartarazi dute. «Lesakarren etorkizuna baldintzatuko duen egitasmoa da, eta asko dago jokoan». Horregatik, «enpresen negozioak moldatzeko» erabakia Udalak hartzeari onartezina deritzote.
jasoko lituzke Lesakako Udalak aurreikusitako etxebizitza kopurua handitzen esku har-tzeagatik, «plusbalio» sari gisa.
Lesakako ezker abertzaleak behin eta berriz salatu ditu bere jardueran jarri zaizkion trabak. Udalean parte hartzen ez uzteaz gain, kalean jarritako informazio eta aldarrikapen kartelak kentzea gaitzetsi du: «Udaletik ez ezik, kaletik ere bota nahi gaituzte nonbait!». Horren aitzinean, «beti erakutsi dugun grinarekin Lesaka eta Euskal Herri hobe baten alde lanean segituko dugu!», aldarrikatu du. Hauteskundeetan bi zinegotzi lortu zituen, baina ilegalizazioa aitzaki, ez zaio ordezkaritzarik eman. Joan den hilabetean, Alkatetzak (EA) udaleko-kontuen berri izatea ere ukatu dio. Udaletik ateratzea erabaki dute.