Mikel Aramendi Kazetaria
Aldea dago, alajaina
Begien bistakoa dena luzaro ukatzea nekosoa egiten delako agian, Mendebaldeko hedabiderik ezkorrenek (R. Murdochen manupekoek, edota «The Economist»-ek, adibidez) ere ozenki aitortu dute Txinako agintariek Wenchuango lurrikararen hondamendiari aurre egiteko erakutsi duten prestutasuna, eraginkortasuna eta irekitasuna. Ez da aitorpen hutsala, batzuengandik etorrita. Noski, kosta egiten zaie halakoei egitate horren ondorio zuzenena ere onartzea aldi berean: sistemak oro bat, baina haren baitan Wen Jiabao lehen ministroak oso bereziki, ikusgarrizko legitimitate eta onespen soziala lortu duela Txina osoan (Taiwan, Hong Kong eta diaspora ere barnera daitezke osotasun horretan), emergentzia kudeatzerakoan agertu duen gaitasunagatik. Beste hedabide mendebaldar batzuek luze eta zabal aipatu dute gaia, hala ere, eduki dezakeen garrantzia aintzakotzat hartuz.
Konparazioak egiteko orduan, jakina, espazioan nahiz denboran hain hurbil geratzen den Myanmareko agintarien kasu lotsagarriari heldu diote denek. Ez da zaila alderaketa horretan irabazle geratzea. Ez dut ikusi, ordea, askoz interesgarriagoa litzatekeen beste konparaketa inon egin denik: Katrina urakanaren ondorioei aurre egiterakoan duela ia hiru urte Estatu Batuetan egin zenarekin. Interesgarriagoa (balio nahiko unibertsaleko ondorioak ateratzen lagunduko lukeelako) ez ezik, orekatuagoa litzateke, estatu aparatu ahaltsuak dituzten potentziak, arras ezberdinak bederen, direlako biak, besteak beste.
Konparaketa horretan ere zein izango litzatekeen hobetsia hausnartzen delako ez dutela halakorik egin nahi iruditu zait batzuetan. Zenbait sistema soziopolitikori axiomaz egozten zaion berezko hobetasuna leku txarrean geratzeko arriskua aurreikusi eta ekidin nahi balitz bezala. Eta hori, Scott McClellan-ek kaleratu berri duen liburuak hizpiderako aukera ezin hobea eskaintzen duela. Izan ere, beste jakingarri askoren artean, Bushen bozeramaile ohiak agerian ipintzen du New Orleans urpean geratu zeneko lehen aste osoan nola egon zen noraezean Administrazio federala...
Begien bistakoa dena azpimarratzea besterik ez dagokit niri, gaur gaurkoz: aldea dago, bai, lurrikara bati aurre egin behar dietenen burutzan ingeniari hidraulikoa (Hu Jintao) eta ingeniari geomekanikoa, hots, «lurrikaralaria» (Wen Jiabao), suertatzetik uholde bati erantzun behar diotenen arduradun nagusia zaldi arabiarretan aditua den bat edukitzera.