Ixabel Etxeberria Irakaslea
Ihesbideak, ukatzeko!
Pentsatu omen dute material pedagogiko horrentzat euskaraz ere fitxa batzuk beharko dituztela, baina dirua falta omen da. Funtsezkoa lantzeko unean izugarrizko arazo ekonomikoak sortzen dira! Ezin sinetsia! Inuxente aurpegia izan behar dugu hain mesprezu arrunten merezitzeko
Gero eta zailagoa da, frantses prentsa orokorrean, gizarteak parean dituen arazo larriez hitz egiten duten artikulu sakonen aurkitzea. Gero eta zailagoa, prentsa askatuaren eskutik informazioa jasotzea. Internet funtsezkoa bihurtu da, herrietan, auzoetan, kolektibitateetan lanean eta gogoetatzen ari direnen berri izateko. Propaganda eta gezur maila handira heldu gara. Sektore ekonomiko askoren haserrea aipatzen ari dira, baina oso azaleko eran lantzen direnez gaiak, Sarkozyk aterabidea hauteman duen ideia berpizten ari dira etengabe.
Hori dela eta, errepublikaren eta abertzaletasunaren aurkako ildo politiko ez aipatua, estalia, martxan dago bere informazio nahasiaren zabaltzearen bidetik. Horrela, FARC eta ETA Espainian eginen omen zen atentatu bat prestatzen ibili zirela irakurri dugu «Le Point» aldizkarian. Egia da azken hilabeteetan Kolonbia izan dela informazio iturri, frantses politikariak joko lainotsu batean ibili direla Betancour anderearen askatasuna lortu nahian. Baina, dirudienez, FARCekiko harremanak ez du horrelako aterabiderik ekarri; ondorioz, kriminalizazioaren bidea egokia irudituko zitzaien. Alegiazko atentatu bat aipatu, ETArekin lotu, eta hor dugu berria egina, inongo ekarpenik gabeko informazio baten azalerazteko. Ez ziren luzatu Bordeleko atxiloketen inguruan, ez ziren atxilotuei sostengua ematera hurbildu zirenengana joan, zer zioten jakiteko. Ez ziren saiatu ulertzen zergatik hiruri aurpegia estaltzen zioten eta batena erakusten ibili ziren. Alta, zergatia ulertu genuen, entzun genituelarik erraten, telebista kate batean, erakutsi zutena mutil koskorra zenetik oso pertsona bortitza izan zela. Bere familiaren auzoan egindako erreportajea eginez, lekukotasunak aipatuz, baina sekulan inoren aurpegia erakutsi gabe. Beldurra eta izuaren hedatzeko teknika hutsak! Alta, epaileak berak dio ez dela inongo frogarik erakundearen arduradun nagusietakoa zela errateko.
Bitartean, giza eskubideen errepublikan heziketa tresna emankorren bila dabiltza. Euskal Herriarekiko duten grina bultzaturik gune berri bat sortu dute «Euskal Herria irakatsi» izenburuarekin. Frantses hezkuntza nazionalaren babesean, Euskal Herria 2020, Euskal Herriko hautetsien laguntzarekin. Batzuen sinadurak konfiantza sortuko luke; haatik, beste batzuenak ikerketa gehiago egitera eramaten du. Horrela, gunera joan, eta oinarri ideologikoak salbatuak direla ikusi dugu. Erakutsi nahi den Euskal Herria Euskal Herri frantsesa da. Inon erabiltzen ez den terminologia berpizten dute. Euskal Herririk bere osotasunean ez dago, «euro-erregio esparru franko-espainola» asmatzen dute, hiru herrialderekin. Bestalde, pentsatu omen dute material pedagogiko horrentzat euskaraz ere fitxa batzuk beharko dituztela, baina dirua falta omen da. Funtsezkoa lantzeko unean izugarrizko arazo ekonomikoak sortzen dira! Ezin sinetsia! Inuxente aurpegia izan behar dugu hain mesprezu arrunten merezitzeko. Batzuentzako aitzinamendua izanen da gainera!
Ildo politikoa ez da aldatzen, gure tresnak sortzen jarraitu beharko dugu. Parisek ihesbideak nahiago ditu, frantses Konstituzioaren lehen artikuluaren aldaketarekin erakutsi duen bezala.