Zirikatzea helburu, «Uda atarian» saio berria gaur Info7-n
Itziar AMESTOY | GASTEIZ
Ondo pasarazteko eta kolaboratzaileak edota entzuleak zirikatzeko helburuz jaio da «Uda atarian» irratsaioa. Gaurtik aurrera, eta ekaineko astegun guztietan zehar, 17.00etatik 18.00etara bitartean Info7-k irratsaio dibertigarri bat igorriko du. Ekimen honen gidari izango den Agin Rezolak azaldu duenaren arabera, irratian ohiz jorratzen diren gaien «hutsuneak» bete nahi dituzte. Esate baterako, arreta jarriko diete kirola, kultura, mendia edo sendabelarrekin zerikusia duten edukiei. «Euskal Herriko hainbat lekutako tokiko kronikak ere egongo dira», zehaztu du. Eduki hauek guztiak aurrera eramateko, kolaboratzaile askoren parte hartzea bultzatu dute arduradunek. Parte hartuko duen pertsona bakoitza atal baten arduradun izango da eta, hortaz, Agin Rezolarekin batera egun bakoitzean pertsona desberdin mordoa entzuteko aukera izango da.
Astelehenetik ostiralera, egun bakoitzak ez du hurrengoaren antzik izango. Gaur, adibidez, asteari hasiera emateko, kirolak eta bertsoak izango dira nagusi. Asteartean, ordea, musikaz gainera sukaldaritzaren ingurukoak entzuteko aukera izango da. Asteazkenean, mendia ezagutzeko ibilbideak landuko diren bitartean, zientziarako parada ere egongo da Elhuyarko kideen laguntzarekin. Azken bi egun hauetan, horrez gainera, elkarrizketa eta iritzi-atala egongo dira.
Asteburura hurbildu ahala, herrietako kronikak iritsiko dira ostegunean. Egun horretan entzun ahal izango da eduki serioena, asteko monografikoa igorriko baitute. Agin Rezolak aurreratu duenaren arabera, lehenengo aste honetan erregaien igoera eta horrek dakartzan ondorioak jorratuko dituzte. Ostiralean, azkenik, beste irratietan entzun diren zati dibertigarrien nahasketa bat eskainiko dute. Bestalde, egun honetan izango dute protagonismoa sendabelarrek eta, asteburua gertu dagoela ez ahazteko, kultur agenda landuko dute Euskal Herrian egongo diren hitzordu garrantzitsuenen berri emateko.
Irratsaio hau udari ongietorria ematera zuzenduta dagoen arren, datorren ikasturtean hasiko den beste baten probasaio modukoa ere bada. Entzuleek hilabete honetan zehar saioa entzuteko parada izango dute eta, ondoren, haien ekarpenak eta iritziak gehi ditzakete. «Saio berri honetan zer hobetu dezakegun esateko aukera zabalduko dugu», azaldu du Rezolak. Hortaz, ekainean zehar arratsaldeetan ondo pasatzeko aukera egongo da Info7-n eta, aldaketak behar baditu, esan baino ez da egin behar. Irailetik aurrera, gainera, arratsaldeko saio dibertigarria entzuteko aukera Info7-n.