GARA > Idatzia > Futbola

Aviron Euskal Herriko talderik indartsuenetakoa bihurtu da, eta hala dela erakusten jarraitu nahi du

Ametsetako urtea egin du aurten Aviron Baionako taldeak. Zuri-urdinen lehen taldea N1 mailara igo da, baina, horrez gain, bigarren taldea ere igo da, eta 16 eta 13 urtetik beherako jokalarien taldeak ere bai, Frantziako Lehen Mailara. Aviron euskal talderik indartsuenen artean da.

p031_f02.jpg

Jon LEUNDA

Aviron futbol taldeak bere bizitzako denboraldirik onena egin du. Lehen taldea N1era igo da, bigarrena, CFA2ra, eta 16 eta 13 urtetik beherakoak, Frantziako Lehen Mailara. Talde lapurtarrak, goi mailarako bidean jauzi handia egin du, eta taldeko kide guztiak zoratzen daude egin duten denboraldi on hori dela-eta.

«Urtea ezin hobea izan da. Lehen bi taldeak igotzeaz gain, gazteen bi talde ere Frantziako Lehen Mailan izango dira, eta hori ere oso garrantzitsua da, lana ongi egiten ari garen seinalea baita, eta agian hemendik urte gutxi batzuk barru, gure harrobiko jendearekin osatutako lehen taldea izan dezakegu», adierazi du Manu Merinek, Aviron taldeko presidenteak.

Nahi eta nahi ez, Hego Euskal Herrian beti konparazioak egin behar izaten ditugu, eta bi aldeetako futbola jarraitzen duenak berehala egingo du kokapena, nahiz eta alde bateko eta besteko ligen egiturak eta jokatzeko erak oso ezberdina izan. N1, datorren urtean Avironen lehen taldeak jokatuko duen maila, Bigarren A eta Bigarren B mailen arteko bat izango litzateke; eta CFA 2, bigarren taldeak jokatuko duena, Bigarren B eta Hirugarren mailaren arteko bat. CFA, aurten Aviron eta Genets Angelukoa aritu diren maila, eta heldu den urtean angeluarrek jarraituko duten maila, Bigarren Bren parekoa da.

N1 ez da berria Avironentzat, orain dela lau urte igo baitzen, nahiz eta bi urte egin ostean, atzera CFAra jaitsi zen. Orain, eskarmentu handiagoaz, gauzak ongi egin nahi dituzte: «Hara, hura oso azkar heldu zen. Akitaniako Lehen Mailan egotetik N1era oso tarte txikian heldu ginen. Talde erabat amateurra izatetik profesionala izatera azkarregi heldu ginen, eta gauza asko egin genituen gaizki. Ez jokalariengatik bakarrik, baita zuzendaritzan ere. Orain badakigu gauzak nola egin, eta orduko akatsak ez gertatzea espero dugu», esan du Manu Merinek.

Orain dela lau urteko igoera haren inguruan sekulako giroa izan zen Baionan, baina aurten, askoz ere apalagoa eta isilagoa izan da igoera: «Horrela da, baina guretzat orduan bezainbesteko poza, edo agian handiagoa izan da. Orduan gurekin Christian Sarramagna zegoen entrenatzen, garai batean nazioartean ezaguna izandako jokalaria, eta horrek asko lagundu zigun. Gainera, taldea beti lehen postuan egon zen, eta kopan ere Lehen Mailako hiru talderekin jokatu genuen. Errugbiko taldea ere Bigarren Mailan zegoen, eta denek lagundu zuten. Aurten Kopan ez da Lehen Mailako talderik izan, eta Ligan, ia martxoaren amaierara bitarte zazpigarren edo zortzigarren postuan izan da taldea. Amaieran, ordea, igo egin gara, eta horrek guretzat balio handia dauka», azaldu du Avirongo presidenteak.

Bigarren taldea ere CFA 2 Mailara igotzea ikaragarria da, orain dela urte gutxira arte, Ipar Euskal Herriko talde bat hor egotea ikaragarria baitzen: «Orain dela sei bat urtera arte CFA2 Mailan euskal talde bat egotea, oso handia zen, eta pentsa, orain gure bigarren taldea daukagu hor. Oso gustura gaude», dio Merinek.

Une honetan, gainera, Aviron Hego Euskal Herriko talderik garrantzitsuenen parean jarri da, eta hori ere handia da beraientzat: «Ez dakit beren parean jarri garen, baina oso gertu behintzat, bai. Akitanian, esaterako, Girondins bakarrik dago gu baino hobeto, eta jokalari gazteak erakartzeko garaian, beraiekin borrokatzeko asmoa daukagu», baieztatu du presidenteak.

Athletic

Avironek azken zortzi urte hauetan Realarekin bat eginda lan egin izan du, baina Athleticekin hasiko da uztailaren 1etik aurrera. Aldaketa horren zergatia argitu zuen Merinek: «Hasteko, garbi utzi nahi dut Realarekin egindako urteak oso onak izan direla, eta oso gustura aritu garela beraiekin. Lehen Mailara ez da gure jokalaririk heldu, baina Sansetik behera mordo bat izan dituzte. Gero, ordea, Realean aldaketa asko izan dira, azkeneko presidentea, esaterako ia ez dugu ezagutu ere egiten, eta Athleticek sekulako interesa jarri du guregan», dio Merinek.

«Erabakia ongi pentsatu dugu zuzendaritzan, eta azkenean Athleticekin lan egitea erabaki dugu, eta beraiek ere guri laguntzeko prest izan dira beti, eta heldu den urtean gure lehen taldean hango jokalariren bat edo beste izatea espero dugu. Avironen maila Athletic Brena baino goragokoa da, eta horrek ere lagunduko digu. Beheko jendearekin eta entrenatzaileekin ere elkarlan estua egingo dugu», erantsi du Manu Merinek, Aviron futbol taldeko presidenteak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo