GARA > Idatzia > Kirolak

Motoziklismoa Italiako Sari Nagusia

Rossi profeta izan da bere herrian, zazpigarren aldiz

Hiru lasterketetan italiarrak izan ziren jaun eta jabe; Corsi, Simoncelli eta Rossi

p038_f01_097x136.jpg

Ander GARTZIA | BILBO

Valentino Rossi profeta izan zen, beste behin ere, bere herrian eta aurrerapauso handia eman du txapelketan azken hiru lasterketak irabazi eta gero. Tavulliakoak zazpigarren aldiz errenkadan lortu zuen garaipena Italiako Sari Nagusian, bere lasterketan, eta ez du beste inork irabazi Mugelloko zikuituan 2002an txapelketako maila nagusiak Moto GP izendapena hartu zuenetik.

Rossik irteera kaskarra egin arren lau itzuli besterik ez zituen behar izan bere aurkariak gainditzeko, eta behin bere erritmoa ezarrita inork ezin izan zion haren Yamaha motorrari jarraitu. Casey Stoner, iazko txapelduna, eta Dani Pedrosa izan ziren aurreneko itzulietan italiarrarekin parekatuta aritu ziren gidari bakarrak baina bigarren eta hirugarren postuekin konformatu beharra izan zuten. Australiarrak azken lasterketetako emaitzarik hoberena erdietsi zuen eta kataluniarrak sailkapeneko bigarren tokira egin zuen salto Jorge Lorenzok izandako eroria aprobetxatuta.

Italiarrak nagusi

Litro laurdenekoan Marco Simoncelli italiarrak lortu zuen garaipena, Hector Barbera motorretik hegan bota eta gero. Espainiarra Simoncelli baino azkarragoa zen helmuga aurrean eta azken itzulian italiarra gainditzera zihoanean bidea itxi zion, Barberaren erorikoa eraginez. Kolpea handia izan arren ez zuen ezer larririk izan; lasterketa bukatutakoan Barberak berak aitortu zuen, ikusitakoa eta gero, Jainkoa existitzen dela.

125cc-ko mailan, ere, beste italiar bat nagusitu zen: Simone Corsi. Apriliako gidaria Gabor Talmacsi eta Pol Espargaroren aurretik sailkatu zen eta sailkapeneko lidertza eskuratu zuen.

Efren: «Lasterketa izan da gauzarik onena»

Efren Vazquezek puntuetako postuetan bukatzea lortu ez arren, Italiako Sari Nagusiko litro laurdeneko proba asteburuko gauzarik onena izan zela adierazi zuen: «Lasterketa izan da gauzarik positiboena hiru egun hauetan; ikusi besterik ez dago denbora, nire atzoko marka segundo batean hobetu baitut. Entrenamendu saioetan, euriaren eta lesioaren erruz, ezin izan dut nire mailarik hoberena eskaini eta horrek lasterketa baldintzatu dit». Errekaldekoak onartu zuenez, «horren atzetik irtenda, egin nezakeen gauza bakarra erritmo on bat hartzea, lasterketa bukatzea eta aurkarien hutsak aprobetxatzea zen».

A. G

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo