Aizkora
Larretxeak oso erraz egin du finalerako bidea
Jon LEUNDA | LEGUTIO
Donato Larretxeak oso erraz lortu zuen atzo Legution Urrezko Aizkorako finala jokatzeko txartela. Amaieran ia bi minutuko aldea kendu zion Juanjo Lopezi.
Legutioko plazan jokatu zuten atzoko finalerdia. Eguraldiak ez zuen batere lagundu, eta hala ere, jende ugari batu zen norgehiagoka ikusteko. Larretxea zen faboritoa, eta ez zuen hutsik egin.
45 ontzakoa zeinek kolpe gutxiagotan moztu neurtu ziren lehen lanean, eta 32tan erdibitu zuen enborra irabazleak, eta hiruren aldea atera zion Lopezi. Bigarren lanean, erlojuz kontra neurtu ziren 45 ontzako enborrarekin, eta orduan ere Donatok ez zuen hutsik egin, eta 40 segundotan bota zuen enborra, eta zortziren aldea kendu zion Lopezi.
Hirugarren lanean, aizkolari bakoitzak kana-erdiko bat bota behar zuen zutik jarrita, eta Larretxeak hortxe utzi zuen kanporaketa erabakita. Lanen erdia bete orduko, beraz dena erabakita zegoen, eta saioak emozio guztia galdu ere egin zuen. Larretxeak minutu eta 14 segundo behar izan zituen kana-erdikoa mozteko, eta minutu eta 55 segundo, ordea, Lezaungo aizkolariak.
Garbi zegoen garaipena norentzat izango zen, baina jendeak Lopezek probaren bat irabaziko ote zuen ikusi nahi zuen, baina Juanjok, ezin izan zuen garaipen bakar bat ere lortu.
Laugarren lanean, abiadura proba zuten, eta hor 60 ontzakoa zuten aurrez aurre. Beran bizi den aizkolariak hor ere erraz lortu zuen garaipena. Minutua eta 41 segundo behar izan zituen enbor harenak amaitzeko, eta beste zazpi segundoko aldea atera zion Lopezi.
Azkenaurreko lanean, 45 ontzako bat zutik eta bestea etzanda zituzten. Donatok ez zuen arazorik izan, eta proba lehen enborrean bertan erabakita utzi zuen. Zutikakoan alde handia atera zuenez, etzandakoan lasai aritu zen. Bi minutu eta 31 segundotan amaitu zituen lanak, eta 29 segundo gehiago behar izan zituen Lopezek.
Azkeneko lanean, bi kana-erdiko, bi 60 ontzako eta bi oinbiko zituzten mozteko, eta beste minutu erdi bateko aldea lortu zuen Larretxeak, 12 minutu eta 38 segundo behar izan zituen lanak amaitzeko. Lopezek, 13 minutu eta segundo batean burutu zituen lanak. Egin beharreko guztiak, 19 minutu eta 15 segundotan egin zituen Larretxeak eta guztira, minutu bat eta 51 segundo gehiago behar izan zituen Lopezek.
Beraz, datorren larunbat gauean Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan Larretxeak Nazabalen aurka jokatu beharko du finala. Beste bi final ere izango dira, ordea. Lehenik, 23 urtetik beherakoetan, Rekondo eta Mugertza II.a lehiatuko dira, eta gero, 18 urtetik beherakoetan, berriz, Larretxea, Donatoren semea, eta Erasun.
Atzokoan, datorren urteko rankingerako kokapena egiteko, zazpigarren posturako lehia ere izan zen, eta hor Daniel Vicentek erraz irabazi zion Jon Rekondori.