Margoa, antzerkia, historia eta moda baliatuz, Amiarte babestuko du «Bilbao, munduko pasarela»k
Egoera zailean dauden pertsonei begira, adierazpen artistikorako lantegi iraunkorra proposatzen du Amiarte elkarteak, artea terapia gisa baliatze aldera. Bada, ekimen ugari egingo dituzte Bilbon horri laguntzeko.
GARA | BILBO
«Elkartasunerako zubia, beste kulturetarako, egoeretarako eta beharretarako bidea». Horixe izan daiteke «Bilbao, munduko pasarela» ekimen solidarioaren definizioa. Bada, ekimen horren bigarren edizioa egingo dute Bilbon eta, bertan, moda, margoketa, antzerkia, musika eta historia bateratuko dituzte, beti ere Amiarte elkarteari laguntasuna eskaintzeko.
Gaurtik, eta hilaren 14a arte, Bizkaiko hiriburuko Bilbo Zaharra, Atxuri eta Alde Zaharrak hartuko dute egitasmoa. Ekitaldi ugarien bidez lortutako dirua aipatu elkarteari emango diote, hark txirotasunagatik, menpekotasunengatik edota gaixotasunen ondorioz egoera zailean dauden pertsonak lagundu ditzan. Artea terapia gisa, finean.
Umorea eszenan
Lizarralde y Cía taldea izango da Arriaga Antzokian «Tiburcio y Madalena» antzeztuko duena. Romeo eta Julietaren gaineko bertsio bitxia da obra, «euskal ikuspegitik aztertuta baitago». Maitasuna eta aurkakotasuna uztartzen dituen istorio barregarria da. Zehazki, Tiburcio Matxitxako eta Madalena Jaizkibelen arteko amodio istorioa eta beren familien arteko borrokak kontatzen ditu; Matxitxakotarrak txakolin ekoizle handiak eta Jaizkibeltarrak sagardo ekoizleak. Umorea, zentzugabetasuna, ironia eta alaitasuna uztartzen dira, beraz, zuku, salda eta lapikoen artean. Antzezlana gaur eskainiko dute, Aitor Elizegik aurkeztuta. Sarrerak salgai daude 8 eta 10 euroan.
Artelan Berreginen museoa izango da, bestalde, egitarauan aurreikusitako moda desfileetarako agertokia, bihar eta etzi. Kultura, kirola eta bestelako arloetako pertsona ezagunen parte hartzea izango du, eta haiekin batera Bilbo Zaharreko auzokideak ere ibiltokian izango dira.
Ekainaren 3an, bihar, gonbidatuak merkatarien elkarteak, kultur elkarteak, Gobernuz Kanpoko Erakundeak eta auzokideen ordezkariak izango dira. Etzi, aldiz, erakundeetako ordezkariak, eta Bizkaiko kultur, kirol eta enpresetako ordezkariak.
«Bilbao, munduko pasarela» honetan laguntasuna eskaintzen duten diseinatzaileak dira Trakabarraka, Ane Miren Zalbidegoitia, Laiso, Loreak Mendian, Cállate la Boca, Eneko Batela, Sin Patrón, Skunk Funk eta Calzados La Palma. Modeloen artean egongo dira Julio Ibarra, Josu Loroño, Ana Urrutia, Gurutze Beitia, Maribel Salas, Rafa Alkorta, Joao Ngalia Kilolo eta Sol Maguna.
Artelanak, Atxurin
Atxuriko Eliz museoak bilduko ditu Amiarte elkarteko artisten lanak. Inaugurazioa ekainaren 10ean izango da, eta García Ergüin zein Lizaso egongo dira bertan, besteren artean. Koadroak salgai daude eta lor litezkeen etekinak ere Amiarteri helaraziko dizkiete. Erakusketa zabalik egongo da ekainaren 11tik 14ra bitarte, 16.30etik 20.30era. Litografiak, koadroak eta argazkiak izango dira ikusgai bertan. Arte galerietako ordezkariak ere izango dira. Erakusketa Begoña Zuberok eta Javier Riañok antolatuko dute.
Gaurtik hilaren 14ra bitarte ospatuko den hau elkartasun egitasmoaren bigarren edizioa izango da. Bilbo Zaharra, Atxuri eta Alde Zaharra izango dira iragarritako ekitaldiak hartuko dituzten txokoak.
Artearen bidez sentipenak eta bizipenak berreskuratzea bilatzen duten pertsonak lagundu nahi ditu «Bilbao, munduko pasarela»k; «barruan gorderik dauden sentipen hauek bizitzeko aukera izan dezaten eta beldurrak gaindi ditzaten».
Mikel Bilbao EHUko Artearen Historia irakasleak eskainiko duen hitzaldiak emango dio «Bilbao, munduko pasarela» ekimenari bestelako ikuspuntua: Bilboko hiriaren alde honen iraganari errepaso egingo dio-eta. Historiaren gaineko ibilbide hau San Frantziskoko Auzo Etxean egingo da, ekainaren 11n, 20.00etan. Sarrera doakoa da eta irekita egongo da Bilbo hiriaren iraganean sakondu nahi duten herritar guztientzat.
Bestalde, programazioari amaiera emango diona Canteca de Macao taldea izango da. Bere emanaldia ekainaren 12an eskainiko du, Bilborock aretoan. Sarrerak salgai egongo dira aretoan bertan, 10 eta 12 euroren truke. Eta, bertan bildutako dirua ere Amiarte elkarteari bideratuko diotela aipatu dute arduradunek.
Finean, Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntza duen ekimenak artearen bitartez sentipenak eta bizipenak berreskuratzea bilatzen duten pertsonak lagundu nahi ditu; «barruan gorderik dauden sentipen hauek bizitzeko aukera izan dezaten eta beldurrak gaindi ditzaten».
GARA