GARA > Idatzia > Kultura

«Amaiera borobila» izan da Bizkaiko Eskualdeetako Bertsolari Txapelketetan

GARA | BILBO

Dagoeneko erabakita dago zein hogeita hamar bertsolarik parte hartuko duten Bizkaiko Bertsolari Txapelketako kanporaketa fasean.

Historian lehenengoz eskualdeko sei bertsolari taula gainean, eta aretoa jendez beteta; 110 entzule, bertsolariek zer abestuko zain. Ez zen, ez, girorik falta izan larunbatean Sodupeko kultur etxean, Enkarterriko Bertsolari Txapelketako finalean. «Amaiera borobila», antolatzaileen ustez, Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketena.

Jon Barrocali erreleboa hartu eta Mikel Petuya barakaldarrak jantzi zuen txapela, Txuma Murugarren abeslariaren eskutik. Petuya izango da, beraz, Bizkaiko Txapelketan Enkarterriko ordezkari bakarra. Txapeldunordea Jon Barrocal, eta hirugarrena, Jokin Castaños, Bizkaiko lehiaketaren ateetan geratu direnak.

Bezperan, ostiralean, Lea-Artibaiko finalean ere jendez gainezka zegoen Amorotoko frontoia; 200 bat lagun bildu ziren. Buruz burukoa Lea-Artibaiko txapeldun bik jokatu zuten: Joseba Artza eta Gorka Ostolazak, hain zuzen ere, eta txapela azken horrek jantzi zuen hirugarrenez.

Puntuazioak kontuan hartuta, lau ordezkari izango ditu Lea-Artibaik Bizkaiko Txapelketako kanporaketa fasean. Bostetik lau. Izan ere, Garikoitz Salcedok ezin izan zuen finalean parte hartu eta bostek jokatu zuten txapela.

Ofizioetan laguntzeko, Xabier Iturraspek abestu zuen Salcedoren partez, baina bere lana ez zuten puntuatu. Iturraspek ez ditu 18 urte bete, eta beraz, ezin du txapelketan ofizialki parte hartu.

Hala bada, osatuta dago 30 laguneko zerrenda. Hauek dira eskualdeetako txapeldunak: Xabier Enbeita (Busturialdea), Arrate Illaro (Uribe Kosta), Eñaut Intxaurraga (Arratia), Oihana Bartra (Bilboaldea), Gorka Lazkano (Durangaldea), Gorka Ostolaza (Lea-Artibai) eta Mikel Petuya (Enkarterri).

Puntuazioaren arabera sailkatutakoak, aldiz, hauek: Joseba Artza, Miren Amuriza, Iñaki Iturriotz, Eneko Abasolo, Mikel Galarza, Jabier Olibares, Iker Belaustegi, Garikoitz Sarriugarte, Jone Uria, Amaia Uribe, Miren Ibarluzea, Ander Salaberria, Olatz Ibarluzea, Eñaut Uruburu, Arkaitz Zipitria, Manex Sagarna, Ander Elortegi, Itsaso Paia, Lander Ibarluzea, Julen Erezuma eta Xabat Galletebeitia. Inoiz Bizkaiko finalista izandakoen artean, Igor Elortza eta Unai Iturriaga.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo